Zaborrontziei begira dago hamar bat lagunez osatutako taldea, Ekaitz Espino turismo gidariak emandako azalpenei adi. Hiriak zaborrak kudeatzeko erabiltzen duen sistema azaldu die Espinok. Aitzindaria izan omen da Gasteiz zeregin horretan. Ez da izan, gainera, norabide berdinean egon den azalpen bakarra. Gasteizko kiroldegiak, auzo etxeak eta parkeak ere sartu dituzte bisitariak etxera eramango duen diskurtsoaren barruan: atzoko eta gaurko Gasteizen berri ematen diete bisitariei.
Goizeko hamaiketan izan da hitzordua, turismo bulegoan, eta Udaleko plazan bertan izan dira lehen azalpenak. Mikrofono txikia darabil Espinok, hiriko zaraten zurrunbiloan bere ahotsa entzunarazteko. Inguruan dituen gehienak Espainiatik etorritakoak dira, baina argentinar pare bat eta bilbotar bat ere badira.
Postetxeko eraikina eta arkupeak dira hurrengo jomugak. Azken honi dagokionez, Justo Antonio Olagibel arkitektoak Alde Zaharra eta gainerako hiria lotzeko erabilitako irtenbide bikainaz ikasteko mundu osoko arkitektura ikasleak datozela azaldu du Espinok, eta Bilborekin eta Donostiarekin izandako lehiaketa batean Gasteizko pintxoak garaile atera zirela ere azaldu die. Taldean dagoen bilbotar bakarrak ahopeka gezurtatu du istorioa: "bertsio ofizialtzat" jo du gidariak esandakoa.
San Frantzisko aldapan gora, Alde Zaharrera sartzeko ordua da. Tentuz ibiltzeko unea da, tabernak hornitzeko ordua delako, eta ziztu bizian dabiltzalako edariak banatzeko kamioiak.
Kordoi etxera iritsita, Pedro Sanchez de Bilbao judutarraren istorioa kontatu du gidariak. Inkisizioaren beldur, XV. mendean San Frantsizkoko komentu desagertuan katolizismora bihurtu zen, eta etxeko hormetan fede berria aldarrikatzeko marketina egin zuen. Haren seme Juan izugarri aberastu zen, baina auzokideen inbidia jasan behar izan zuen. Muzinei aurre egin nahian, altuera txikiko atea jarri zuen, bertatik igo behar zutenek halabeharrez etxera belauniko sartu behar izan zezaten.
Eraikin baten penak
Katedral zaharrera iritsita, bankuetan esertzeko unea da, lasaitasunez entzun ahal izateko nola hasieran eraikin horrek eliza erromanikoa izan behar zuen; baina 1251n hasierako plan horiek aldatu zituzten, ordurako estilo gotikoa modan zegoelako. Moda berriarekin bat, eraikinak leiho gehiago behar izan zituen, gotikoak berezkoa duen argitasuna lortu aldera. Gainera, 1496an kolegiata izendatu zuten, eta altuago egin behar izan zuten Santa Maria. Orduan hasi ziren mendez mende katedralarekin batera izan diren arazoak. Behar bezalako zimendurik ez, muinoaren mugan izatearen desnibela… desastrea. Ukondo arkuak ezarri zituzten gauzak bere onera bueltatzen saiatzeko. XVIII. mendean, Gasteizek gotzaindegia eskuratu zuenean, norbaiti bururatu zitzaion arku horiek ez zirela oso txukunak, eta beste estruktura batengatik ordezkatu zituen. Desastre handiagoa. Apaizek ere ez zuten bertan sartzerik nahi. Tira, batek zekien Espiritu Santu lagunkoia benetan adi ote zegoen. 1954an izan zen azken abisua, ezkontza baten erdian harriak erortzen hasi zirenean.
Milurteko berriarekin batera hasi ziren zaharberritze lanak, eta lan horiek erabili dira, hain zuzen, bisitariak erakartzeko. Obretan eta irekita leloak hain arrakasta handia izan du ezen lelo hori patentatzea erabaki baitute katedraleko arduradunek.
Katedralari eta Ken Folleti buruzko esamesak atzean utzita, harresiak ezagutzeko ordua iritsi da: bai estruktura originalak zein 1960ean berreraiki zirenak. Leiho saieterak gaizki berreraikita daudela azaldu du gidariak, erasotzaileei baino, hiri barrukoei geziak botatzeko modukoak dira; eta bertako arku zorrotza ere lekuz kanpo omen dago, garai horretan horrelakorik ez baitzen erabiltzen.
Montehermoso jauregia eta XIX. mendeko elurtegia bisitatu ondoren, Goiuri jauregira iritsi da taldea. Gaztelaniazko izena, Villa Suso, atea goian edukitzeagatik datorkio, suso-k gora esan nahi duelako antzinako gaztelaniaz. XVI. mendean Espainiako gortearen enbaxadore izandako Pedro Martin de Salinasek erretiroa hartu zuenean erabaki zuen jauregia eraikitzea. Burugogorra ei zen Martin de Salinas, eta garaiko Udalarekin tirabira ugari izan zituen, jauregia hiriko dorrean eraiki izanagatik. Mandatariekin akordioa lortu zuen, eta kanpoko aldean aterik ez zuen jarri, baina terraza bat eraiki zuen. Udalak, berriz, gerra izatekotan terraza hori hormatzeko eskatu zion. Azkenean, horren beharrik ez zen egon, zorionez.
Aihotz plaza eta San Miguel eliza atzean utzita, Andra Mari Zuriaren plazan bukatu da bisita, ate joka diren jaien inguruko azalpenak jasota. Bisitariek azalpen horiek eskertu dituzte. Tartean, Ana Paula Alesi argentinarrak egin du hori. Europara etortzen den hirugarren aldia da, baina Euskal Herrira egindako lehen bisita da honakoa.
Leonardo Cantelni adiskideak artatu du gurean. Bera ere argentinarra da, baina duela bost urte etorri zen Gasteizen lan egitera. Bi lagunek turismoa ikasi zuten Buenos Airesen. "Gehien harritu nauena gauzen zahartasuna izan da", dio Alesik. "Argentinan eraikin zaharrenak XIX. mendekoak dira; ez gaude batere ohituta entzutera zerbait zortzigarren mendekoa dela". Horrez gain, hemengo natura eta paisaia berdeak dira arreta gehien eman diotenak; eta janaria,“Argentinakoa baino hobea” omen delako. Eta hori esan du, gainera, bertsio ofiziala entzunda eta Bilboko pintxoak dastatu gabe dituenean.