Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen bigarren topaketa hasiko da Gasteizen

Ainhoa Benito 2018ko uzt. 12a, 11:32

Raul Montero, Beñat Garaio eta Iñaki Prusilla, jardunaldien aurkezpenean. /Alea

Uztailaren 16an hasi eta lau egunez iraungo du hizkuntza gutxituen biziraupenerako antolatutako bigarren topaketak. Hiztun gazteentzat zuzendutako hitzaldi, kontzertu eta kultura ekitaldiak izango dira. 

75 gazte izango dira uztailaren 16tik 19ra HIGA! Hizkuntza gutxituen bigarren topaketan parte hartuko dutenak. 31 hizkuntza komunitate ezberdinetako 39 emakumek eta 36 gizonek hartuko dute parte. Topaketaren antolatzaileek, Udaleko Euskara eta Gazteria Zerbitzua eta Euskal Herriko Unibertsitateak, hizkuntzak sendotzen lagunduko duten zenbait jarduera aurrera eramango dituzte. Besteak beste, Xavier Vilaren hitzaldiak hasiera emango dio topaketari, Iñaki Artolak, Aneguriak, Kepa Matxainek eta Fariba Sheikhan-ek Nola bizi duzu euskara? mahai-ingurua gidatuko dute eta Alidé Sans eta Bidelapurrak taldeen kontzertuak ere izango dira.

Ordezkaritza handiena izango duten hizkuntzak Espainiako estatukoak izango dira. Europako gainerako herrialdeetatik 17 gazteek parte-hartuko dute eta Ameriketatik, berriz, 16k. Beste kontinenteetako hiztunak ere egongo dira: amazigh-hiztun gazte bik (iparraldeko Afrika) eta tamilera-hiztun gazte batek (hegoaldeko India) izena eman dute. 

Topaketaren harira, Erasmus+ programaren baitan dagoen Hizkuntza-Aniztasun Digitalaren Proiektuak (DLDP-Digital Language Diversity Project) ekitaldi bat antolatu du Gasteizen, uztailaren 20rako. Hizkuntza-komunitateak ahalduntzeko eta haien presentzia zein erabilera digitala sendotzeko zenbait tresna eta material aurkeztuko dituzte.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago