Parkour pista egokitu dute Lakuako kirol-instalazio berrian

Erredakzioa 2018ko uzt. 11a, 13:40

Parkour pista berria dute Lakua auzoan. GASTEIZKOUDALA

Forondako atearen ondoko lursail batean egokitu dute kirol gune berri bat; parkourrean, saskibaloian, futbitoan, pilotan edo eskaladan aritzeko.

Gasteizko Udalak amaitu ditu Lakuako parkour pista egiteko lanak. 200.000 euro inbertitu ditu horretan.  Forondako atearen ondoko lursail batean kokatu dute aisialdirako gunea, eta jolas eta kirol espazio osagarria ere jarri da, saskibaloian, futbitoan, pilotan edo eskaladan aritzeko, besteak beste. Guztira, 800 metro koadroko azalera du espazio berriak, bitan banatuta.

Lehenengo zonaldean, parkourraren oinarrizko lau mugimenduak egiteko aukera dago: joan-etorriak, jauziak, jasotzeak eta kulunkak, karreran nahiz egonean. Jolas eta kirol guneak, bestetik, hainbat kirol jarduera egiteko esparrua da. Saskibaloi-saskiak, futbito-ateak, eskalatzeko murru bat, gimnastika egiteko murru bat, frontenisean aritzeko beste bat, pilotan aritzeko beste bat eta punteria praktikatzeko panel bat ditu.

Parkour izeneko jarduera Frantziar Estatutan sortu zen, eta hiri espazioetan barrena batetik bestera gorputzaren laguntzaz bakarrik, eta zenbait oztopo gaindituz joatean datza. Lakuako ekipamenduak hamabi urtetik gorakoentzat dira, eta kautxuzko zoladura dute. Maila eta trebetasun maila ezberdinetako kirolariek jarduteko moduko espazioa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago