Gasteizko jaietako pregoia, kirolarekin lotutako zortzi emakumeren esku

Mirian Biteri 2018ko uzt. 11a, 11:21

Aurtengo pregoilarietako batzuk, Estibaliz Canto zinegotziarekin batera. /Alea

Aurtengo festetako egitarau ofiziala aurkeztu dute.

Gasteizko Udalak aurtengo jaietako ekimenen berri eman du. Pregoiari dagokionez, iragarri du kirolarekin lotutako zortzi emakumek izango dutela ardura. Hain justu ere, Tania Lamarca, Irati Anda, Janire Fernandez de Olano, Nagore Martin, Maria Ascasso eta Maider Mendia kirolariek, Araskiko entrenatzaile Made Urietak eta Olga Jimenez kazetariak osatzen dute taldea. Ohikoa den moduan, abuztuaren 2an izango da pregoia. Plaza Berrian eginda dago hitzordua, 21:30ean.

Guztira, 350 ekimen aurreikusi dituzte aurtengo festen egitarau ofizialaren bueltan. Berrikuntzen artean, aipatzekoa da Zeledon eta Edurneren jaitsiera Andre Maria Plazan izango dela; orain arte, Plaza Berrian egin da. Bestalde, Ganbera musikako kontzertuak Luis Aranburu musika eskolako auditorioan izango dira aurten.

Egitarauari dagokionez, Foru plazan honako taldeek joko dute aurten: Txarango, Rosario Flores, Marky Ramone, World Dance Music eta Vendetta. Aihotz plazan, berriz, Gozategi, Liher edo Governons izango dira, besteak beste.

Ez dira faltako, aldi berean, euskal pilota txapelketa; azoka, Carmelo Bernaola ibilbidean; antzezlanak, Principal antzokian; orkestrak eta dantzaldiak, Plaza Berrian eta Arka plazan, hurrenez hurren; edo piroteknia ikuskizunak. Adibideak baino ez dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago