Vital Fundazioa aretoak Alberto Garcia-Alix argazkilariaren ehun argazki baino gehiago hartuko ditu, irailaren 23ra arte. 70. eta 80. hamarkadetan, Madrilen, igarotako uneak jasotzen dituzte irudiek, eta belaunaldi baten identitate-ezaugarri bilakatu ziren gaztetako hainbat mitoen inguruko berrikusketa egiten da.
Dulce monstruo de juventud izeneko erakusketa argazkilariaren irudi hautaketa bat da, eta, antolatzaileen esanetan, "bere ikonografia propioa antzeman daiteke, baita identitate ezaugarri eta belaunaldi oso baten profilak definitzen laguntzeko gako bilakatu diren gaztetako mito haietako batzuk berriz ikusi ere". Horren ildotik, Pablo Sycet Torres komisarioak esan du Alberto Garcia-Alixek eguneroko gauzak erreskatatzen dituela "beren errealitate miserablean arreta bereganatzen ez dutenak".
Dulce monstruo de juventud Alberto Garcia-Alixen erakusketa Vital Fundazioa aretoan ikusi ahalko da, astelehenetik larunbatera (18:00-20:30) eta igande eta jaiegunetan (12:00-14:00 eta 18:00-20:30). Sarrera doakoa da.