Gasteizko Udatzaingoak bi gizon atxilotu ditu asteburuon, genero indarkeria leporatuta. Biak pasatu dira jada epailearen aurrean.
Lehen atxiloketa Koroatze auzoko etxe batean izan zen, ostiral gauerdian. Abisua jaso eta gero, poliziak etxera joan zirenean, negarrez zegoen emakume batek azaldu zien bikoteak eraso egin ziola. Gainera, lekukoen arabera, emakumea bi aldiz saiatu zen etxetik ateratzen, baina gizonak harrapatu eta arrastaka sartu zuen etxean berriro. Azkenean, emakumeak komunean sartzea lortu zuen, eta han gelditu zen, udaltzainak iritsi ziren arte. Udaltzaingoak lagunduta, Agirrelandara joan zen salaketa jartzera; urruntze agindua ere eskatu zuen.
Bigarren atxiloketa larunbat gauean izan zen. 71 urteko gizon bat atxilotu zuten, Babesgabetuen plazan, emakume bat kolpatzeagatik. Lekuko baten arabera, gizon batek emakumea bultzatu zuen, eta horrek lurraren kontra burua kolpatu zuen. Poliziek inguruko taberna batean aurkitu zuten gizona, eta atxilotu zuten. Emakumea ospitalera eraman zuten.