Gasteizko jaietako txupinazoa botako duten lagunak aukeratu dituzte jada, San Prudentzio adinekoentzako zentro soziokulturalean aste honetan egin den zozketan. Andrea Corres, Aurelia Encarnacion Izquierdo, Daniel Uriondo eta Juan Luis Soriguren izango dira abuztuaren 4ko protagonistak.
PSE-EEri zegokion aukeratzea zeinek botako zuen txupinazoa, eta talde politikoak erabaki zuen Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturaletako erabiltzaileei ematea suziria pizteko aukera, "adinekoek maila guztietan betetzen duten paper garrantzitsua aitortzeko: familian, gizartean… Lan horri egiten diogun omenaldi xumea da", esan du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi eta udal talde sozialistaren eledun Peio Lopez de Munainek.