Urteko kirol hitzordu garrantzitsuenetarikoa izango da igandean, Gasteizen. Aurtengo triatloian, denera, 2.598 kirolarik eman dute izena; jatorriari erreparatuz gero, aipagarria da mundu osoko 37 herrialde ezberdinetako triatletek parte hartuko dutela proban, eta 286 direla arabarrak. Sexuari dagokionez, edizio honetan 252 emakume izango dira Landako urtegiko irteeran. Lasterketa aurreikusi bezala irten dadin, gainera, 1.500 lagun ibiliko dira egun horretan modu batean edo bestean laguntzen.
Ibilbide gogorra izango dute aurretik full nahiz half modalitatea aukeratzen duten triatletek: lehenengoan izena emanda dutenek, Uribarri-Ganboako urtegian 3,8 kilometro igerian egitearekin batera, Arabako lautadatik 180 kilometro beteko dituzte bizikleta gainean; eta lasterketari amaiera eman aurretik, hiriburutik 42 kilometro egin beharko dituzte korrikan. Half distantzia aukeratu dutenek, ordea, jarduera bakoitzean kilometro kopuru erdia egingo dute. Helmuga Plaza Berrian izango da batzuentzako zein besteentzako.
Hektor Llanos eta Uxue Txasko
Plaza bera izango dute helburu Hektor Llanos triatleta profesional ohiak eta garun-paralisia duen Uxue Txasko gazte gasteiztarrak. Llanosek,116 kilometro Uxuegatik erronka solidarioaren barruan, Uxue eramango du tiraka Half distantzia bete arte.
Ohikoa den moduan, probak eragina izango du trafikoan. Landako sarbideak, esaterako, itxita egongo dira, 06:30etik 17:00etara; eta Garaiokoak, 09:00etatik 17:15era bitartean. Gasteizko Udalak, gainera, auzokideei zuzendutako oharra kaleratu du; bertan, besteak beste, jakinarazi du bizikleta ibilbidea itxita egongo dela 10:30etik 18:15era; eta korrikaldiarena, 10:30etik 23:59era.