Katedrala, goitik begira

Erredakzioa 2018ko uzt. 3a, 17:26
Zaharberritze lanen berri emateko egindako agerraldia. / Quintas

Santa Maria katedraleko burualdearen estalkiak lehengoratzeko bigarren fasea hasi dute; 2019ko amaierarako prest izango da, eta bisitaldi berri bat egiteko aukera eskainiko du tenpluaren goiko aldean.

Gasteizko katedral zaharraren lehengoratze lanetan beste pauso bat. Burualdearen estalkiak zaharberritzeko bigarren fasea hasi du Santa Maria katedralak. Kaperen gaineko erlaitzetan lan egin eta gero, horietan estalkiak lehengoratzeko obrarekin hasi berri dira. 920.000 euroko aurrekontua izango da horretarako, eta 15 hilabeteko epean egin beharko dute.

Azken hilabeteetan katedral zaharreko burualdea da lan nagusien ardatza. Erlaitzetan lan egin eta gero, estalki berriak prestatzeko beharrekin ari dira, eta bisitaldi berrietarako aukera eskainiko du honek. 2019. urte amaierarako amaitu nahi dituzte 25 metroko altueran egin beharreko lanak.

Adituek nabarmendu dutenez, proiektu berriarekin, burualdeko estalkiaren lehengoratze lanek egungo geometria eta egitura pixka bat aldatuko dute. Hala, barruan, bisitaldiak egiteko beste espazio bat izango da, girolaren gangen gainetik, 2020. urterako. Triforioan paratuko dituzten maldetatik igo ahal izango da bertara, bisitaldien ohiko ibilbidearekin lotuta, Leandro Camara arkitekto eta Santa Maria Fundazioko zuzendari teknikoak azaldu bezala.

Azkeneko lehengoratze lanak ezagutzeko egindako bisitaldian, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azaldu du Gasteizen "ardatz kulturala" bilakatu dela katedral zaharra, duela hogei urte hasitako Obretan eta irekita zaharberritze proiektuarekin. "Horri esker, tenplu gotikoa berreskuratu eta ezagutaraztearekin batera, hiriko turismoaren 'motore' bilakatu da; hogei urte betetzear gaude eta proiektu honek ekarri duen guztia harro egotekoa da", aipatu du Gonzalezek. Eta hala erakusten dute datuek; joan den urtean 90.000 bisitari izan zituen. 

Bisitak, gauez

Ohiko bisita gidatuekin batera, aurten gauez ere gozatu ahal izango da Santa Maria katedralaz. Uztailaren 27rako eta abuztuaren 10 eta 24rako bisitaldi bereziak prestatu dituzte; tenpluko lehengoratze lanekin batera, hiria gauez ikusteko aukera izango dute bisitariek.

Eta ekitaldi osagarririk ere ez da faltako datozen asteetan. Musika eta Irekita zikloaren barruan, esate baterako, Jose Tomas Jimenezen kontzertua izango da uztailaren 28an, eta Alberto Arteta eta Demode Quartetena irailean. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide