Lehen hitza euskaraz egiteko, beste 60 establezimenduren bila Gasteizen

Erredakzioa 2018ko eka. 29a, 12:34

Euskararen erabailera areagotu nahi dute kanpaina berriarekin. / Alea

Euskararen erabilera areagotu eta kontsumitzailearekiko harremanetan balioa gehitzeko baliabideak eskura jarriko ditu Bai Euskarari Elkarteak.

Bai Euskarari Elkarteak 60 establezimendu berri gehitu nahi ditu Gasteizen martxan jarritako "Lehen Hitzak balio handia du" kanpainara. Udalaren laguntzaz, Gasteizko euskararen mapa marrazten ari dira eta bertako establezimendu eta kontsumitzaileei bide berriak irekitzen lagunduko zaie, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

Udalak eta Bai Euskarari Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, aurten ere merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia areagotzeko. Erronka zehatza da: 60 establezimendu identifikatzea eta, euskararen erabilera areagotzeko eta kontsumitzailearekiko harremanetan balioa gehitzeko erraztasunak eta baliabideak eskura jartzea. Aukera hau doan eskainiko da 2018an zehar; eta 2019tik aurrera ere, dirulaguntzak egongo dira.

Lehenengo pausoak

Prozesua eta metodologia erraza da; Bai Euskarari Elkartea establezimendua ezagutzera hurbilduko da eta hizkuntza egoeraren azterketa egiten lagunduko dio. Ondoren, negozioetan euskara txertatzeko eta aurrerapausoak emateko helburuak zehaztuko dira eta Bai Euskarari Elkarteak baliabide eta aholkularitza eskainiko ditu. Aukera hau doan eskainiko da 2018an zehar; 2019tik aurrera ere, dirulaguntzak egongo dira.

Establezimenduei Bai Euskarari Ziurtagiria eskainiko zaie eta hura lortzen dutenak euskararen mapan agertuko dira. Gainera, establezimenduetan lanean ari diren pertsonei bereizgarriak eskainiko zaizkie, bezeroei erosketa-prozesua euskaraz errazteko: alde batetik Euskaraz?, eta bestetik Euskaraz? Poliki mesedez txapak izango dituzte, bezeroen eta haien arteko lehen hitza euskaraz izatea ahalbidetzeko; eta, bestetik, kanpainaren triptiko informatiboa jasoko dute, bezeroek euskaraz non kontsumitu dezaketen jakin dezaten. Triptikoa ziurtagiria duten establezimenduetan eta Gasteizko gizarte etxeetan eskuragarri dago, hala nola Bai Euskarari Elkartearen webgunean: https://www.baieuskarari.eus/eu/lehen-hitza-eus/zer-da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago