"Uste dut laster izango dela Gasteiz Antzokia abiatzeko akordioa"

Anakoz Amenabar 2018ko eka. 29a, 11:37
Estibaliz Canto, Gasteizko udaletxean duen bulegoan. / A. Martinez de Luna

Kulturaren Plan Estrategikoa, Principal antzokiaren eraberritzea edota Schommer argazkilaritza-zentroa ditu mahai gainean Estibaliz Canto zinegotziak.

Filologia klasikoan lizentziaduna, duela bi urte hartu zuen Estibaliz Cantok (Gasteiz, 1991) Gasteizko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi kargua alderdi sozialistarekin, EAJrekin batera Gobernuan sartu eta gero. Principal antzokia edota Mendizorrotza estadioa eraberritzeko lanak, Blusa eta Neska kuadrilla desberdinen arteko liskarrak edota eskoletako segregazio datu kezkagarriak ditu, beste hainbaten artean, askatzeko korapilo nagusiak.

Nolakoa izan da Azkena asteburua? Rockzalea zara? 

Ez naiz bereziki rockzalea, baina gustatzen zait sortzen den giroa, eta urtero joaten naiz. Azken urteetan, gainera, azpiegitura aldetik hobetu egin da, eta ederki dago.

Musikarien artean emakumeen presentzia eskasa da. Pauso gehiago eman behar dira? 

Asko eman behar dira oraindik. Agertokian 

dauden emakume kopuruari dagokionez pausoak behar dira, gizarteak eskatzen duen moduan. Antolatzaileek badakite hori, eta horregatik azken hilabeteetako esfortzua, eta adibide moduan azken unean antolatu zuten emakume taldea. Ziurrenik parekidetasuna bilatu nahiko dute batzuek, baina taldeak direnak dira, eta kartelburu izateko gutxi: Joan Jett, Patti Smith... hain zuzen, talde horiek sortzen diren garaian, 80. hamarkadan, emakume gutxi gerturatzen zelako musikara, eta, beraz, gutxiago profesional izatera.

Uste dut, halere, indarra egin dezakegula maila lokalean, politikatik, formazioan, babesa ematen, taldeak ezagutzera ematen, emakumeak musika mota horretara gerturatu daitezen, taldeak sortu eta noizbait Azkenan izan daitezen. 

Ehun urte bete ditu Principalek, eta laster aurkeztuko dituzue ospakizun garrantzitsuenak.

Urte hasieran hainbat ekitaldi izan dira, baina osatzen eta hobetzen ari gara programazio hori urte amaierari begira. Espero dut herritarrek eurena sentitzea ehun urteko antzoki hori, eta gozatzea berarekin. Bestetik, ehun urteetako ospakizunak amaitzeko, antzokiaren erreforma proiektua amaitzea gustatuko litzaidake. 

Legealdia amaitu aurretik hasiko da erreforma hori?

Nahiko genuke. Ahal dudan guztia egingo dut horretarako. Bi urte hauetan ikasi dut, halere, Administrazioa oso motela dela, eta zailago egiten duela erabakiak hartzea. Otsailean atera genuen antzokiaren erreformarako konkurtsoa eta hilabete honetan esleitu dugu. Espero dut urria amaierarako dokumentua mahai gainean izatea. 

Gasteiz Antzokiari dagokionez, adostasunik izango al da oporraldiaren aurretik? 

Uste dut akordioa izango dela. Hasierako kokapenaren –Eskoriatza Eskibel– edota Ruiz de Bergara jauregiaren artean aukeratu beharko dute talde euskaltzaleek. Eskibel erabakitzen bada,  kontuan izan behar da hiriaren harresiaren zati baten gainean eraikita dagoela, eta obra atzeratu egin daitekeela. Talde sozialistaren iritzia da Gasteiz Antzoki oso on bat egin daitekeela Ruiz de Bergara jauregian, arkeologia indusketa bat edo beste fuel-olio biltegi bat agertuko den zain egon gabe. Noski, beti aukera dago Euskararen Etxean lanean jarraitzeko; nahiz eta Gasteiz Antzokiak denbora bat beharko duen jaiotzeko, abian den proiektua indartzen jarraitu behar dugu.

Alberto Schommer zentroa ere mahai gainean duzue. 

Nazioarteko argazkilari garrantzitsu honekin zorretan gaudela uste dugu alderdi sozialistatik, argazkilaritza zentro bat merezi duelako. Proiektuaren inguruan sinergiak batu ditugu PP eta EAJrekin, baina kokalekuan dago zalantza. Goya gasolindegi zaharra dugu, esaterako; deskontaminazioa amaitzeko zain gaude erabakiren bat hartzeko. Halere, sozialisten aldetik, inoiz ez gara tematu kokalekuarekin, eta proiektua adostuta badago ez dugu trabarik jarriko horrekin. 

 

"Politikook entzuten jakin behar dugu;

ni ez naiz aktorea, ez pintorea, ez kudeatzailea...".

 

Kulturaren Elkargunea aurkeztu duzue aste honetan. Zein helbururekin jaio da?

Kulturaren plan estrategikotik jaio da, kultur eragileekin prestatutakoa, 75 bat lagunekin; horretan erabaki da parte-hartze foro bat sortu behar dela, lehentasunak kontrastatu eta plan estrategikoa betetzen den zainduko duena, eta hala jaio da Kulturaren Elkargunea. Parte-hartzeari dagokionez, uste dut prozesu hau berria dela, alegia Elkargunea sortzea aurretik osatutako plan estrategiko batekin. 70.000 euro ditugu planerako, eta horietatik premiazko bi neurri martxan daude: komunikazio plan bat osatzeko idazkaritza teniko bat eta Aldundiak prestatutako jardunaldi batzuk. Bestea nola banatu Elkarguneak erabakiko du.

Epe luzera begira, kolore politiko desberdinen gainetik eusteko egitura sendoa du Elkarguneak?

Plan estrategiko hau aho batez onartu dute talde politikoek. Gainera, Elkarguneak hurrengo hilabeteetan ondo funtzionatzen badu, proposamenak aurrera ateratzen baditu, kultura ikusarazten badu, eta emaitzak ikusten badira, aurrera egingo du. Politikook entzuten jakin behar dugu, eta hau lanerako erreminta bat besterik ez da; ni ez naiz aktorea, ez dut antzerki talderik, ez naiz pintorea, ez naiz kultura kudeatzailea...haiek dira egunero lanean ari direnak. Debate espazio sanoak eraikitzen badira, eta han erabakitzen dena egiten dela ikusten bada, oso postiboa izango da. Politikook izango ez genituzkeen ideia ederrak atera dira planetik. 

Zer nobedade izango dituzte aurtengo Gasteizko jaiek? 

Aurten uste dut jakin izan dugula izandako arazoei etekina ateratzen. Azken hilabeteetan bizi izan dugun tentsioa ez diot inori opa; blusa batzordea banatu egin da, eta egoera berri bat sortu da, arautu beharrekoa: diru publikoa eta espazio publikoa. Horrek eragina izan du, noski, diru-laguntza deialdi berrian. Jai hauek desberdinak izango dira, batetik, blusa kuadrillen kantu matxista eta homofobo eta jokabide sexistak penalizatuko direlako. Eta desberdinak izango dira txikiek abuztuaren 4ko antzeko jaitsiera bat biziko dutelako Edurne Txiki eta Zeledon Txikirekin. Jaiak tradizionalak izan behar dira, hori ez du inork zalantzan jartzen, baina eboluzionatzen doaz, iraganean geratu gabe. Azkena Rockekin gertatu bezala aldaketak datoz; herritarrek gauzak exijitzen dituzte, eta jokabide sexistak onartzen ez dituen bezala, Udalak ez ditu horiek subentzionatuko.

Mendizorrotza eraberritzeko akordioa aurkeztu dute. Lehentasunezkoa al da? 

Estrategikoa dela esango nuke. Eraikin baten inguruan proiektu zabalago bat eraikitzeko aukera dagoelako, eta inguruak aukera desberdinak ematen dituelako. Subjektiboa da lehentasunezkoa ote den...

Herritarrei halako gai baten inguruan kontsulta egingo zenieke? 

Zein litzateke kontsulta horretan galdera, ordea? Estadioa handitzearen inguruan, finantziazio moduaren inguruan, proiektuaren inguruan? Zaila egiten zait. Halako epe luzerako proiektu estrategiko batek akordio politiko zabal bat behar duela uste dut. Parte-hartze foroak beharrezkoak direla uste dut, baina zalantza dut hautetsontziak jartzea erabaki ona den.

Hezkuntza alorrean, eskoletako segregazioa da kezka nagusietako bat. 

Eragile ezberdinen arteko mahai bat martxan jarri zen, hezkuntza eragile eta teknikariekin, eta kontsentsu agiri bat atera zen handik. Agiri horretako zortzi puntu dagozkio Udalari eta betetzen ari gara. Horren berri datorren asteko bileran, Eskola Kontseiluan, emango dugu. Neurrien artean daude, besteak beste, matrikulazio moduan aldaketa egitea eta guraso elkarteentzako aholkularitza eskaintzea.

Luzerako gaia da, ezta? 

Piano piano, si va lontano. Aurrera goaz. Urteetan utzi den gai bat da, eta orain buelta ematea zaila da. Arazoa identifikatuta dago, eta neurriak betetzen ari gara, baina, noski, erabaki garrantzitsuenak Jaurlaritzari dagozkio.

Zer iruditu zaizu Espainiako ministro berria? Zer eskatuko zenioke?

Asko gustatzen zait. Nik ere museo handi bateko zuzendari izan nahi dut kar kar. Eskatzen diot alor akademikoan ari direnak ez ahaztea, Humanitateak ez ahaztea. Kultura serio hartzea gustatuko litzaidake, eta hala egingo duela uste dut. Gasteiztik ere proposamenak egingo ditugu. Adibidez, ez dago informazio nahikorik laguntzen inguruan sortzaileentzako; aholkularitza eta komunikazio lan bat egin behar da.

Alkate bazina, zein erabaki hartuko zenuke? 

Ez da ikusgarria edo elegantea, baina premiazkoa dela uste dut: eraikin publikoak mantentzeko konpromiso akordio bat ezarriko nuke. Hamar urtetan hezkuntza eta kirol eraikinak txukundu behar dira eta horretarako urtez urteko diru partida bat ezarriko nuke. Krisiaren eraginez utzitako eraikinak berritzeko sekulako lanak izango ditugu orain, eta arazo bat da

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide