Belar Sounds aire zabaleko kontzertu-zikloa Falerinan

Erredakzioa 2018ko eka. 28a, 16:58
The Bardulians taldeak abuztuaren 18an joko du.

Uztailaren 1etik urriaren 27ra bitartean hamalau taldek joko dute Montehermoso kulturuneko lorategian. Falerinako taberna ere uztailaren erdialdera irekitzea aurreikusita dago.

Gasteizko Kultura sailak Montehermoso kulturuneko Falerina lorategiaren kudeaketa publikoa berreskuratu zuen iaz, eta aurten  Belar Sounds izeneko zikloa antolatu du bertan, uztailaren 1etik urriaren 27ra bitartean; gainera, taberna ere uztailaren erdialdera irekitzea aurreikusi dute.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok aurkeztu du zikloa. Haren hitzetan, "tokiko eta estatuko panoraman urrats sendoak egiten ari diren taldeen lana erakustea" da asmoa. "Gogoan izan behar da lorategiaren kudeaketa berreskuratzea erabaki genuela kultur eduki zabalagoak lantzeko eta sailaren irizpideen arabera kontrolatzeko, hartara beste espazio publiko bat berreskuratu eta programazioa kultur eragileekin berekin koordinatzeko". 

Honako hauek izango dira eskainiko dituzten kontzertuak: 

  • Uztailak 1: Jimmy Barnatan & The Cocooners. Sustrai amerikarreko musika, rythm & blues, soul eta funk bideetatik dabiltzan soinuak.
  • Uztailak 7: Jam Pak in Purple. Jazz, soul, bossa, blues eta rock nahasketa.
  • Uztailak 14:  Jazz Reunion. Didi Jazzen saioa, laukote baten eskutik.
  • Uztailak 28: Starblues. Blues banda gaztea da, hamabi konpasen topikotik aldendutako kantu propioak eskaintzen dituena, euskaraz.
  • Abuztuak 8: Noa Voll Dam & The Hell Drinkers. Agertokietarako sortutako banda, helburu argi batekin: "zuzenean ahalik eta gehien jotzea, jendeari bluesaren magia transmititzeko".
  • Abuztuak 18: The Bardulians. Bizkaiko boskoteak 50. hamarkadako urteen bukaerako eta 60. hamarkadaren hasierako dantza musikan bilatzen du inspirazioa.
  • Abuztuak 25. Lazy Daisy. Lazy Daisy Bandaren bertsio txikitu eta akustikoa.
  • Irailak 8: Still River Band. Austin, Memphis edo New Orleansetik zuzenean ekarritako soinuak.
  • Irailak 15: Last Infusion. Neosoula lantzen du taldeak, musika beltzeko beste mota batzuen ñabardurez eta keinuz.
  • Irailak 22: Steamboat Jazz Band. Steamboat Jazz Bandak bere egiten du klasikoen errepertorio zabala.
  • Urriak 6:  Swingaraia.  Swing klasikoa hasiera-hasierako rock and rollarekin nahasten du taldeak.
  • Urriak 13: Mississippi Queen. Funk, rock & soul taldea.
  • Urriak 20: Daddy´s Funclub. Bigarren diskoan rocka, funka eta hegoaldeko soinuak nahasten dituzte. Oraingoan haize atalik gabe etorriko dira, baina ahots hirukote bikainarekin.
  • Urriak 27: Infraganti Band. Boskote bat da (ahotsa, gitarra, baxua, saxoa eta bateria) askotariko estiloak lantzen dituena.

Belar Sounds zikloaz gainera, ekainaren 27tik irailaren 30era arte era guztietako hamalau jarduera izango dira, beste programazio batzuekin lotuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide