Data jarri diete tebastarrei

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko uzt. 1a, 07:00
Martiodan aurkitutako TEbasko legioaren erlikiak zaharberritu dituzte. AFA

Martiodan aurkitutako Tebasko legioko erlikiak zaharberritu dituzte, eta horien jatorria ikertzen ari dira; karbono 14ak baieztatu du hezur hondakinak III. mendekoak direla, legioa hil zuten garaikoak hain zuen.

Oraingoz, airean dagoen misterio bat da nola iritsi ziren tebastarren erlikiak Martiodako elizara, baina Arabako Foru Aldundiaren Zaharberritze zerbitzuaren egungo hipotesi nagusia da hezurrak nekropoli batetik atera zirela. Ikertzaileek badakite, ordea, Martiodako bilduma munduko ugarienetako eta interesgarrienetako bat dela. Bilduman daude erlikia ontzi bat, beira-arasak eta erretaula bat, gizakien hamazazpi burezur, aldaka zati bat, eta hainbat hezur luze osorik eta zati txiki ugari, brodatu eta parpailak dituzten oihalen apaingarriak dituztenak.

Gainera, Zaharberritze zerbitzuaren azken bi urteotako ikerketa lanak emaitza interesgarriak utzi ditu. Erlikiak XVII. mendekoak izan zitezkeela pentsatzeko zantzuak zeuden, "baina karbono 14 probak berretsi du hezur zatiak III. mendekoak direla, Tebasko legioa hil zuten garaikoa hain zuzen ere". Hala azaldu du Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek ikerketa proiektuaren emaitzen aurkezpen ofizialean. 

Erlikiak Martiodako San Juan Ebanjelariaren elizako sakristian zeuden, eta Arabako Foru Aldundiko egoitzara eraman zituzten, 2015ean, zaharberritze lanarekin hasteko, eta horien jatorria eta benetakotasuna aztertzeko. Material eta euskarri askotakoak dira erlikiak, eta egoera ezin txarragoan zeuden aurkitu zituztenean. Intsektuek, onddoek eta karraskariek eginiko kalte ugari zituzten, eta mendeetan zehar pilatutako korrosio eta zikinkeri geruza handia. 

Zaharberritze sakona

Zaharberritze prozesu sakona egin du foru zerbitzuak. Hasiera batean, erlikien argazkiak egin zituzten, argi mota ezberdina erabiliz, eta X-izpien eta eskanerraren bidezko azterlanak egin zituzten. Bestalde, tratamendua egin aurretik eta horrek iraun zuen bitartean, berrogeitik gora lagin hartu zituzten, eta hezur hondakinen antropologia-azterlana ere egin zuten. Gainera, aurkitutako landareen ikerketa botanikoa, eta hainbat hezurretan aurkitutako lakreen sigilografia aztertu dituzte.

Tebasko legioaren aztarnarik  inportanteenak Europako iparraldean agertu dira: "Santu eta martirien erlikiak balio handiko objektuak ziren, eta elizaz gain, nobleek eta erregeek horiek lortzeko bide guztiak erabiltzen zituzten, babesa eta prestigioa ematen zietela uste zutelako".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide