Hemen erosi eta hiria egin lelopean abiatuko dute Gasteizko merkatariek udako beherapenen denboraldia. Beherapenak aurreratuz, urtean salmenta gehien izan ohi den aldiaren hasiera data bateratu nahi izan da, eta "tokiko merkataritzaren kalitatea eta eskaintza onak" batera sustatu.
Beherapenak ekainaren 30era aurreratzen duten saltokiek kartel bat jarriko dute, eta hasieratik %30 eta %40 arteko deskontuak eskainiko dituzte gehienek. Merkataritza eremu nagusiak girotzeko fanfarre eta kalejiren musika izango da kaleetan. Arka plazan umeentzako lantegiak antolatu dira, 12.00etatik 14.00etara eta 17.30etik 19.30era. Halaber, arratsaldean, umeentzako antzerkia izango da bertan.
Tokiko saltokietan kontsumitzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko, eta horretara bultzatzeko jarduerak antolatu dira, eta Gasteiz On elkarteak kanpaina egingo du sare sozialetan: merkatariei erakusleihoen aurrean eta denden barruan argazkiak egiteko eskatu die.