Gasteizko zaborra kudeatzeko sistema berria proposatu dute

Erredakzioa 2018ko eka. 26a, 13:33
Zabor tasa ordaindu beharrean, poltsak ordaintzea proposatu dute. / Equo

Equo alderdiak egindako proposamenaren arabera, gehien birziklatzen duten hiritarrek gutxiago ordainduko lukete. Horretarako, zabor ontzi itxiak eta txartel identifikagarriak erabiliko lirateke.

Equo alderdiak Gasteizen zaborra kudeatzeko sistema berria proposatu du. Planteamendu berriaren arabera, gaur egun erabiltzen den zabor tasa ordaindu beharrean, hiritarrek zaborra botatzeko poltsak ordaindu beharko lituzkete. Errefusari dagokion poltsa organikoaren poltsa eta ontzi arinen poltsa baino garestiagoa izango litzateke. Modu horretan, ahalik eta errefusa gutxien sortzea lortu nahi dute.

Planaren funtsezko osagarria izango litzateke zaborra biltzeko ontziak ixtea. Zaborra bota ahal izateko, hiritarrek txartel baten bitartez ireki beharko lukete ontzia. Iruzurrak ekiditeko, Udaltzaingoaren ingurumen talde berezi bat sortzea ere eskatu dute. Beiraren eta paperaren kudeaketa orain dagoen moduan mantenduko litzateke, ontzi irekien bitartez.

Bestalde, ontzi arinen berreskurapena errazteko aspaldi erabiltzen zen sistema berriro ere martxan jartzea eskatu dute. Produktua erostean, erosleak gordailu txiki bat ordainduko luke, eta ontzi arina dendara itzultzean berreskuratuko luke.

Horrelako neurriak Europako hainbat lekutan martxan daudela gogoratu du Equo alderdiko eledun Oscar Fernandezek, gaur goizean egindako agerraldi batean. Egin duten kalkuluaren arabera, birziklatzen ez duen familia batek urteko 120 euro ordainduko luke, baina, bereizketa eginez gero, 50 euro baino ez luke ordainduko, poltsen kostuaren arabera.

Modu horretan, birziklatze tasa handitu nahi dute. 2025. urterako zaborren %70 bereiztea lortu nahi du alderdiak (gaur egun, zaborren %30 bereizten da).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide