Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia elkarlanean ari dira Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurrera ateratzeko. Bi erakundek lankidetza-hitzarmena sinatzen dute urtero, eta elkarlanean aritzen dira ekitaldi bakoitzean berritzen den ekintza planarekin lotuta garatzen dituzten jarduerak osagarriak izan daitezen: Udalak 80.000 euro zuzentzen ditu, eta Aldundiak, 40.000.
Udal gobernuak dagoeneko onartu du aurtengo hitzarmena. Hala, hizkuntzarekin lotutako sentsibilizazioa eta aktibazioa sutatzeko ekintzak lagunduko ditu, hala nola Euskaraldia eta Euskararen Eguna; merkataritza eta ostalaritza sektoreetan zerbitzuak euskaraz eskaintzeko ekimenak; aisialdi eta kirol jardueretan hizkuntzaren erabilera dinamizatzea; gazteentzako proposamenak….
Euskaraldia
Halaber, udal gobernuak Geu elkartearekin hitzarmena sinatzea erabaki du, Gasteizen Euskaraldia garatzeko. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo da Euskaraldia, Euskal Herri osoko 350 udalerri baino gehiagotan. Hamaika egun horietan euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa sustatzea da helburua, herritarren hizkuntza ohituretan eragitearren, alegia, euskararen erabilera aktiboagoa sustatzea, hamabigarren egunetik inplikazioa handiagoa izan dadin. Azken urteetan arrakasta izan duten antzeko ekimenetan oinarritzen da proiektua.