Ekonomia solidarioaren VI. azoka ospatuko dute larunbatean

Erredakzioa 2018ko eka. 22a, 13:38

Nerea Melgosa Gasteizko Udaleko Enplegu zinegotzia eta Carlos Askunze REAS Euskadiko koordinatzailea azokaren aurkezpenean.

Ekonomia solidarioa bultzatzeko jarduerak antolatu ditu azokak Landatxo polikiroldegian, besteak beste, kale-antzerkia, lantegiak, hitzaldiak edo tribial feministarekin.

Ekonomia Solidarioaren VI. Azokak larunbatean, ekainaren 23an, sektore ezberdinetako produktu eta zerbitzuak saltzen dituzten 40 stand jarriko ditu Landatxo kiroldegian. Horrez gain, ekonomia solidarioa bultzatzen duten beste hainbat ekintza antolatu ditu; besteak beste, kale-antzerkia, kale-animazioa, lantegiak, hitzaldiak, txikigunea edo tribial feminista izango dira.

Gainera, kiroldegian hiru solasaldi kooperatibo egongo dira: 13:00etan, Autogestioa eta kooperatibismoa gaia jorratzen duena, 17:00etan Ekonomia solidarioa nekazaritza munduan, eta 18:00etan etxebizitza kolaboratiboen inguruan arituko dena. 

Azokak euskal herritarrei EAEko ekonomia solidarioaren errealitatea hurbiltzea du helburu. Aurtengo leloak Ekonomia pertsonen zerbitzura, merkatu sozialaren garrantzia azpimarratzen du. Azoka edo merkatu eredua duen ekoizpen, banaketa, finantzazio eta kontsumo sare bati erreferentzia egiten dio. Ekitaldi honen bultzatzailea Ekonomia Alternatibo eta Solidarioko Sarea – REAS Euskadi da, Gasteizko Udala eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin batera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago