Ate joka dago, udako lehen egunekin batera, bertako zein kanpoko rockzaleek gogoz itxaroten duten jaialdia. Ostiralean irekiko ditu ateak Gasteizko jaialdiak, 17:00etan, eta larunbateko ordu txikiak arte askotariko rock musika doinuek hiriko erdigunea eta Mendizabalako zelaiak hartuko dituzte. Guztira, 40 taldek emango dituzte kontzertuak.
Hamazazpigarren edizio honetan, Van Morrison itzal handiko rock musikaria izango da kartelburua. Ostiralean, hilaren 22an, Belfasteko Lehoiak dardar batean utziko ditu eszenatokiko taulak eta publikoa. Harekin batera, MC50 (taldearen 50. urteurrenean), Chris Robinson Brotherhood, Dead Cross, Rival Sons, Girlschool, Nebula, Man Or Astro-Man?, The Soul Jacket, Tutan Come On, Bloodshot Bill eta Hombre Lobo Internacional izango dira, besteak beste, lehenengo egunak ekarriko dituen kontzertuak.
Larunbatean, berriz, Joan Jett musikari mitikoaren eta bere The Blackhearts taldearen txanda izango da. I love rock'n'roll abesti ospetsuaren egileak hasiera emango dio bigarren egunari, eta estatu mailako kontzertu bakarra eskainiko du Azkena Rock jaialdian. Tartean, egun berean arituko dira Mott the Hoople, Gluecifer, Turbonegro, The Beasts of Bourbon, Carlos Vudu eta El Clan Jukebox Tom Pettyren omenez, The Dreams Syndicate, Nuevo Catecismo Catolico, Sol Lagarto, Lords of Altamont eta Mamagigi's.
Urtero bezala, bestetik, hiriko erdigunea ere rock musikan murgilduko da. Andre Maria Zuriaren plazan, zenbait DJ-z gain, The Seepdogs taldea arituko da ostiralean, eta The James Taylor Quartet larunbatean.
Erreferente euskaldunak
BECeko kontzertuan izandako arrakastaren ostean, Berri Txarrak taldea Mendizabalako zelaietan izango da, baita ere, larunbatean. Lekunberrikoak bigarren aldiz igoko dira jaialdiaren eszenatokira. Aurrena 2006an izan zen, eta, orain, Infrasoinuak diskoaren aurkezpena egingo dute. Modu honetan, jaialdiak lekua utzi dio, berriz ere, azken 20 urteetan rock musikan erreferente izan den talde euskaldunari.