Artium arte garaikideko zentroko zuzendariak, Daniel Castillejok, urrian utziko du kargua eta zuzendaritza berriaren hautaketaren harira, EH Bilduk Artiumeko patronatua berritzea eskatu du. Praktika Onen Kodeko irizpideak betetzeari garrantzia eman dio. Kode horrek, esaterako, herritarren (%20-33), adituen eta zientifikoen (%33-50) eta erakundeen (%20-30) parte-hartzea bermatzen du.
Talde politikoak planteatzen dituen neurrien artean, "proiektu guztiak argitaratzea" eta Balorazio Komitearen aholkularien izendapenean "gardentasuna" eskatzen ditu. Lorena Lopez de Lacallek, EH Bilduko batzarkideak, gogoratu du “ezinbestekoa" dela kudeaketa arloan praktika onak aplikatzea, "batez ere, zuzendaritza berria aukeratzeko momentuan”.
90.000 euro
Beste alde batetik, Estibaliz Canto Gasteizko Kultura, Hezkuntza eta Kirol saileko zinegotziak Tokiko Gobernu Batzarrarekin batera aurrekontu-transferentzia onetsi du Artium Fundazioarentzat. Artium museoak "hiriarentzako duen garrantzia" argudiatuta, 90.000 euroko ekarpena egitea erabaki dute, fundazioari "finantza-baliabideak" luzatzeko.