Euskara Batuaren inguruko jardunaldiekin abiatuko dira UEUren udako ikastaroak

Erredakzioa 2018ko eka. 20a, 18:22

UEUko Irati Iciar, Kepa Sarasola eta Edurne Koch, udako ikastaroen aurkezpenean. / UEU

Gasteizen izango dira jardunaldiak, ostegunean, 09:00etatik aurrera, Oihaneder Euskararen Etxean.

Euskara Batuaren helduaroa izeneko jardunaldiekin emango diete hasiera, Gasteizen, UEUren udako ikastaroei. Batua abiatu zeneko 50 urte bete dira, eta estandarizazio prozesua hizketagai izango dute lehenengo saioan, Oihaneder Euskararen Etxean.

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak aurkezpena egin eta gero, Xabier Isasi eta Kepa Altonaga EHUko irakasleen eta Andres Urrutia Euskaltzainburuaren hitzaldiak izango dira, 09:00etatik aurrera. Eta, atsedenaren ostean, 11:30ean, Euskararen estandarizazioa, zientzia eta kultura mahai-ingurua antolatu dute, Leire Canciok eta Xabi Payak gidatuta, Igone Zabala, Idurre Eskisabel eta Estitxu Garai EHUko irakasleen eskutik. 

Ostean, Jose Ramon Etxebarria irakasle eta euskaltzaleak Euskarazko testugintza. Amaitu gabeko historiaren atal baten bertsio pertsonala hitzaldia eskainiko du, 14:00etan, eta haren omenezko liburua aurkeztuko dute.

Udako ikastaroak, bestalde, hilaren 25ean hasiko dira, Iruñean, Bertsolaritza genero ikuspegitik saioarekin; guztira, 35 ikastaro, jardunaldi eta tailer antolatu dituzte aurten.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago