Ekainaren 10ean, Gasteizko Udaltzaingoak Omar izeneko herritar bat atxiki zuen. Espainiako Poliziaren komisariara eraman zuten, eta, bertatik, Bartzelonan atzerritarrak atxikitzeko dagoen zentro itxira. Orain, Bartzelonako etorkinak atxikitzeko zentroan (CIE) dago Omar. Auzokideek bere askatasuna eskatzeaz gain, Udalari zein udaltzaingoari "arrazagatiko" pertsonen atxiloketekin amaitzeko eskatu diete. Antzeko kasuetan salaketa egitera ere animatu dute, eta "arrazismo instituzionalaren" kontra antolakuntzaren beharra aldarrikatu dute.
Omar 20 urtez bizi izan da Alde Zaharrean, eta aberrigabekoa da, alegia haren jatorria adierazten duen agiririk ez du. 2012an, Alucheko (Madril, Espainia) etorkinak atxikitzeko zentroan (CIE) 56 egun eman zituen eta Argeliara bidali zuten. Bertan, kartzelan hamar egun eman ondoren, Alacanteko portura eraman zuten. Orain, auzokideak prozesu administratibo baten zain daude, eta epaiak erabakiko du zein izango den Omarren etorkizuna. Orain arte, Gasteizko Alde Zaharrean bizi dela egiaztatzen duen agiri bat aurkeztu behar izan dute.
Atzerritartasun legea dela eta, 2015. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan 1.913 etorkin aberriratu egin zituzten; 2016an zifrek gora egin zuten, 2.307 izatera iritsi zen.