Alde Zaharreko lagun baten atxiloketa salatu dute

Ainhoa Benito 2018ko eka. 20a, 12:25
Omarren auzokideak, gaurko prentsaurrekoan. ALEA

Agiririk ez zuelako, Gasteizko Alde Zaharreko auzokide bat atxilotu zuten udaltzainek ekainaren 10ean.

Ekainaren 10ean, Gasteizko Udaltzaingoak Omar izeneko herritar bat atxiki zuen. Espainiako Poliziaren komisariara eraman zuten, eta, bertatik, Bartzelonan atzerritarrak atxikitzeko dagoen zentro itxira. Orain, Bartzelonako etorkinak atxikitzeko zentroan (CIE) dago Omar. Auzokideek bere askatasuna eskatzeaz gain, Udalari zein udaltzaingoari "arrazagatiko" pertsonen atxiloketekin amaitzeko eskatu diete. Antzeko kasuetan salaketa egitera ere animatu dute, eta "arrazismo instituzionalaren" kontra antolakuntzaren beharra aldarrikatu dute.

Omar 20 urtez bizi izan da Alde Zaharrean, eta aberrigabekoa da, alegia haren jatorria adierazten duen agiririk ez du. 2012an, Alucheko (Madril, Espainia) etorkinak atxikitzeko zentroan (CIE) 56 egun eman zituen eta Argeliara bidali zuten. Bertan, kartzelan hamar egun eman ondoren, Alacanteko portura eraman zuten. Orain, auzokideak prozesu administratibo baten zain daude, eta epaiak erabakiko du zein izango den Omarren etorkizuna. Orain arte, Gasteizko Alde Zaharrean bizi dela egiaztatzen duen agiri bat aurkeztu behar izan dute. 

Atzerritartasun legea dela eta, 2015. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan 1.913 etorkin aberriratu egin zituzten; 2016an zifrek gora egin zuten, 2.307 izatera iritsi zen.   

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide