Adinekoentzako zentroko lau adinekok botako dute Gasteizko jaietako txupinazoa

Erredakzioa 2018ko eka. 19a, 14:12
2015. urteko txupinazoa. ALEA

Udalaren adinekoentzako zentro soziokulturaletako lau adinekok –bi gizonek eta bi emakumek– botako dute, abuztuaren 4an, Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emateko suziria.

Aurten, PSEko udal taldeari dagokio aukeratzea, eta gaur goizean iragarri du Peio Lopez de Munain alkateordeak: "Izendapen honekin adinekoek gizartean egiten duten lan handia aitortu nahi dugu. Krisiak biziki eragiten dio kolektibo honi, gaizki pasatzen ari dira, beren eskubideak defendatzeko borrokan dihardute –pentsio duina izateko, esaterako-, eta  eskubide horiek gero geureak izango dira. Baina, horretaz gain, parte-hartzaileak dira, ilusioz beteta eta motibatuta daude, eta ikasteko gogoa dute. Bere denbora eta esperientzia lagungarri izan ditzakegula erakutsi nahi diote gizarteari".

Lau pertsona horiek aukeratzeko zozketa bidezko hautatze-prozesua izango da, eta zentro horiek dituzten 33.000tik gora erabiltzaileetako edonork eman dezake izena. Lau horietako bat izateko izena eman behar da adinekoentzako hamabost zentro soziokulturaletakoren batean. Horretaz gain, bada beste baldintza bat ere: erabiltzaile txartela izatea.

Hamobost zentro horietako bakoitzean zozketa bat egingo da uztailaren 4an, eta hortik gizon eta emakume bat izendatuko dira. Aukeratutako 30 lagunen artean beste zozketa bat egingo da, uztailaren 5ean, eta hortik aterako dira abuztuaren 4an Zeledonen jaitsiera eta Andre Maria Zuriaren jaien hasiera adierazten duen suziria botatzeko ohorea dutenen izenak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide