Hiru eraikinetatik bi berogailu-instalaziorik gabe dago Santo Domingon

Ainhoa Benito 2018ko eka. 19a, 13:28
Santo Domingo Bizirik plataformako kideak gaurko prentsaurrekoan. / Ainhoa Benito

Santo Domingo Bizirik plataformak ikerlan-diagnostikoa aurkeztu du kaleko eraikinen eta biztanleen egoera sozioekonomikoa ezagutzeko; elkarbizitza arazoak eta oinarrizko zerbitzuen gabezia nabarmendu dute, besteak beste.

 

Santo Domingo Bizirik plataformak egindako ikerlan-diagnostikotik ateratako ondorioak dira: hiru eraikinetatik bik ez dute berokuntza-instalaziorik eta kaleko familien %30ak (40 familia) elikadura, etxebizitza eta pobrezia energetikoa bezalako beharrak asetzeko oinarrizko gizarte zerbitzuetara jo behar du. "Bizitza duina" aldarrikatu dute auzokideek gaur goizean egindako ekitaldian.

Azterlanean nabarmendu dituzten datuen arabera, aztertutako 38 eraikinetatik 35ek 50 urte baino gehiagoko antzinatasuna dute, eta horietatik 23, mende bat baino zaharragoak dira. Halaber, pertsona bakarra bizi den etxebizitzen ehunekoa %39,26koa da eta 5 pertsona baino gehiago bizi diren etxebizitzen portzentajea %12,6koa da.

Ikerlan honen aurrekariak kaleko eraikinen egoerari eta bizilagunek bizi izan dituzten egoera larriei erreferentzia egiten die, esaterako, 38, 40 eta 42 atarietan emandako utzarazteei. "Azken hilabeteetan minez eta amorruz jarraitu ditugu maila pertsonalean eta talde mailan auzokideek bizi izan dituzten egoera larriak", adierazi du Santo Domingo Bizirik plataformak.

Egindako azterlana Gasteizko Udalera igorri dutela jakinarazi dute Santo Domingo kalean "neurriak" har ditzaten.

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide