Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak inbertsio osoaren %40a jarriko dute Mendizorrotza eraberritzeko eta handitzeko asmoarekin. Gainerako %60a taldeak jarriko du. Udalak zortzi milioi euro emango ditu eta beste bi erakunde publikoek zazpi milioi euro; guztira, proiektuaren finantzazio ekonomikoa 50 milioikoa izango dela aurreikusten dute. Proiektua zehaztu ez badute ere, zelai berria 2025erako prest egongo dela adierazi du Gorka Urtaran alkateak.
Alkateak azaldu du egingo duten inbertsioa hiriarentzako "proiektu estrategikotzat" jotzen duela eta, Mendizorrotza futbol-zelaiak udal-titulartasuna duenez, diru-laguntza publikoa eskainiko diola. Alfonso Fernandez de Troconiz Alaveseko presidenteak, bestetik, azpimarratu du futbol-zelaia ez dagoela egokituta eta irisgarritasun arazoak dituela, esate baterako, igogailu bakar bat dagoela milaka lagunentzako.