Gardelegiko lindanoa garbitzeko araztegia eraikiko du Gasteizek

Erredakzioa 2018ko eka. 14a, 06:00
Orain arte egindako ikuskatze guztietan "desbideraketak" antzeman dituzte. / Alea

Lindano isuriak direla eta, URAk hiriari isuna jarriko diola jakin eta gutxira egin dute iragarpena.

Gasteizko Udalak Gardelegiko zabortegitik Zadorra ibaira gertatzen diren lindano isuriak garbitzeko uren araztegia jarriko duela iragarri du ingurugiro zinegotzi Iñaki Prusillak. Araztegi horren funtzioa lurrazpiko urak biltzea litzateke, ur hori lurrazalera ponpatu eta bertan garbitzeko. Ondoren, ohiko ur sarera bideratuko lukete.

Irabazi taldeko zinegotzi Oscar Fernandezen galderei erantzutean iragarri du neurria Prusillak. Fernandezek salatu du Udalak proposatutako irtenbidea "adabaki bat" besterik ez dela. "Garbi gelditu da honen inguruan ez duzuela ezer egin, erantzukizunak hartu gabe, beste toki batera begiratuta".

Astelehenean jakin zen URA Uraren Euskal Agentziak  Udalari zigor txosten bat zabaldu diola, eta bertan 50.000 euroko isuna proposatzen duela, Krispiñako araztegitik Zadorra ibaira atzemandako isuriak direla eta.

Orain arte Jaurlaritzak Gardelegin egin dituen ikuskatze guztietan urari lotutako hobekuntzak eskatu dituzte. Azkena, otsailaren 26an egin zuten, eta bertan Jaurlaritzak 30 eguneko epea eman zuen "desbideratzeak zuzentzeko edo berehala zuzentzeko inplantatu diren ekintzen dokumentazioa aurkezteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide