Udaltzaingoak eta Gasteizko Udaleko Ingurumen Sailak areagotu egin dituzte zaborra tokiz kanpo uztea ekiditeko kontrolak, eta hogeita hamar salaketatik gora jarri dituzte azken hilabetean. Hamabi salaketa jarri zaizkie norbanakoei eta gainerakoak merkatariei. Hiriko hainbat lekutan, zaborrak, hondakinak eta neurri handiko beste hainbat objektu edukiontzietatik eta bilketa pneumatikoko guneetatik kanpo uzteagatik zigortu dituzte herritarrak.
Ordenantzak jasotzen duenez, zaborrak lekuz kanpo uztea administrazio arau-hauste arina da, eta Ingurumen Sailak 90 eurotik 750 eurora bitarteko isuna jar lezake. Udaltzaingoak gogoratu du FCCk hondakin handiak doan jaso eta ondoren tratatzeko doako zerbitzua duela. Horretarako aski da zerbitzuarekin harremanetan jartzea –945 28 65 00 telefonoa– eta hondakinak uzteko lekua, eguna eta ordua zehaztea.