Urte eta erdiko negoziazioaren ondoren, Gasteizko Udalaren eta Blusa eta Neska kuadrillen artean adostu dituzte aurtengo Gasteizko jaietako diru-laguntzak banatzeko oinarriak. Guztira 75.000 euroko diru-laguntza banatuko du Udalak, baina aurten bi multzotan banatuko dute: 60.000 euroko diru-laguntza finkoa jasoko dute musika animazioa eramaten dutenen artean, eta, bestetik, gainerako 15.000 euroak kuadrillek antolatutako jai egitarauaren arabera banatuko dituzte.
Kuadrilla bakoitzak prestatuko duen egitarauaren helburua "jai anitzak eta parte-hartzaileak" bultzatzea izango da, Udalak eta Kuadrillek adostu duten moduan. Diru-laguntza aldagarriak lortzeko, kuadrilla bakoitzak emakumeen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako ekintzen programazioa antolatu beharko dute, besteak beste, ikuskizun eta kontzertuak. Gainera, Blusa eta Nesken joan-etorrian ez dira lelo matxistak edota homofoboak onartuko.
Beste alde batetik, Blusa eta Nesken batzordeak zein federazioak jaietako joan-etorriaren ordena zein lehentasuna adosteko 15 eguneko epea izango dute. Bien arteko akordiorik ez izatekotan, Udalak erabakiko du.