Ekainaren 14tik 19ra izango da Judimendiko gazteek antolatutako Gazte Aste Kulturala. Aurreko urteetako ildoarekin jarraituz, egunero eta auzoko gune ezberdinetan tailerrak, musika, zinema edota solasaldiak izango dira.
Egun bakoitzean gai batek nagusitasuna hartuko du. Esate baterako, ekainaren 16an kirol eguna antolatuko dute eta ekainaren 18an, aldiz, emakumeek hartuko dute protagonismoa, Judimendiko ekintzak morez margotuz.
Egitaraua ostegunean hasiko da, ekainaren 14an, serigrafia tailerrarekin, eta ekainaren 19an amaituko da Gazteak, Euskara eta Gazte mugimenduak solasaldiarekin.
Gazte Aste Kulturalak auzoko toki ezberdinetan leku hartuko du, haien artean, Sumendi gazte espazioan, auzoko parkean edota Candela tabernan. Jai egunetako txosnagunea ekainaren 21ean jarriko dute martxan eta 23ra arte egongo da zabalik.