Urteetako arazoari erantzuna emanez, Gasteizko Emakumeen Etxeak badu azkenean kokalekua: Etxanobe jauregia. Arabako Emakumeen Asanbladak kokagunearekin bat datorrela adierazi dio Gasteizko Udalari, nahiz eta lekuak ezaugarri guztiak betetzen ez dituen.
Cadena SER-ek ostiralean aurreratu zuen moduan, Santa Maria kaleko eraikina izango da Emakumeen Etxea. Elena Cercadillo Emakumeen Asanbladako kide eta Emakumeen Etxeko talde eragilearen bozeramaileak jakinarazi zuen erabakia, alkateak proposatutako eraikinak "gutxienekoak" bakarrik betetzen dituen arren, eta beraiek "prozesu parte-hartzaileagoa" espero zuten arren. "Prozesu parte-hartzailea ez da guk uste bezain parte-hartzailea izan. Azkenean Etxanobe aukeratu behar izan dugu nahitaez", adierazi du Cercadillok.
Kokapena prozesuaren alde korapilatsuena izan dela onartu du. Emakumeen taldeek kokalekutzat Zulueta jauregia nahiago zuten arren, "gutxieneko" baldintzak onartu eta Etxanobe aukeratu dute azkenik.