"Ziklo berri baten hasiera". Hala irudikatu nahi izan dute Donostia eta Gasteiz lotu dituen giza katearekin. Milaka herritarrek etorkizun politikoa erabaki nahi dutela agerian utzi dute, zapia eta eskua elkarri emanez. "Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berria; milaka arrazoi ditugu gure etorkizunaz hitza hartu eta erabakitzeko. Demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsan ere eman diogu eskua elkarri", nabarmendu du Gure Esku Dago ekinaldiko bozeramaile Angel Oiarbidek.
Mugimendu feministak, Altsasuko herriak, pentsionistak, bertsolariak edota Zeledon bera izan dira hiriburuan zein Laudio arteko ibilbidean euren kilometroak betetzen. Musika, kantua eta dantza izan dira protagonista horietan, 12:00ak bitartean, eta baita ekitaldiaren ostean ere. Aroa Arrizubieta Gasteizko bertsolari gazteak eman dio amaiera kateari, Eusko Legebiltzarreko atarian. "Oinarrizko eskubide bat da hau, eta, beraz, denok elkarrekin eman beharreko pausoa".