753 etxebizitza batu dira Koroatzea berritzeko plan energetikoari

Erredakzioa 2018ko eka. 7a, 12:47

Fatxadak eta estalkiak berritzeaz gain, biomasan oinarritutako berokuntza jarriko dute. / Alea

Aurreikusitako helburura ez iritsita ere, egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabaki du Udalak.

Koroatzea auzoaren birgaikuntza energetikoa egiteko proiektuak "753 etxebizitza baliokideren atxikimendua" jaso du, Udalak zabaldutako informazioaren arabera. Horietatik, 688 atxikimendu bero-sarera konektatzeko izango direla argitu du Udalak.

Aurretik zehaztua zegoen bideragarritasuna lortzeko 750 atxikimendu lortu behar zituztela. Helburura ez iritsita ere, aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute egitasmoan parte hartzen duten erakundeek - Eusko Jaurlaritzako VISESA, Gasteizko Udala, EEE Energiaren Euskal Erakundea eta Giroa enpresa dira horiek-. Hortaz, lehenengo lanak hil honetan bertan hasiko dituzte, Eulogio Serdan kaleko bi eraikinetan.

CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko Europako estrategiaren barruan kokatzen da SmartEnCity egitasmoa. Gasteizekin batera, Estoniako Tartu eta Danimarkako Sondeborg hiriek parte hartzen dute bertan.

Lanen barruan, fatxaden eta estalkien isolamendua hobetuko dute, eta biomasan oinarritutako berokuntza sistema batera lotuko dira eraikinak. Horrez gain, eta auzokideek egindako proposamenetan oinarrituta, auzoan beste hainbat esku-hartze egingo dituzte: argiztapena hobetuko dute, Aldabe kalearen zati bat oinezkoentzat prestatuko dute, eta Aldabe zein Ziudadela plazetan beste hainbat berrikuntza egingo dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago