Azkena Rock jaialdiaren eredua zalantzan jarri du Gasteizko Mugimendu Feministak gaur goizeko agerraldian. Prestakuntzaz arduratzen den enpresak, Last Tour International-ek, "helburu komertzialak" baino ez dituela salatu du mugimenduak. "Jaialdi elitista bat ari da bultzatzen, egoera prekarioan lan egiten duten langile askorekin, eta emakumeok lekurik ez dugun jai eredu bat bultzatuz", adierazi du Aitziber Romerok agerraldian.
Aurten oholtzara igoko diren 34 taldeetatik hiruk bakarrik dute emakumeren bat kideen artean mugimendu feministako kideek gogoratu duten moduan. Taula gaineko emakumearen presentzia aldarrikatu dute, eta haien kontrako indarkeriarik gabeko jai eredu baten beharra nabarmendu.
Era berean, "sormenean, parte hartzean eta komunitatean" eraikitako jai eredua aldarrikatu eta, besteak beste, Udalak LGTBIQ kolektiboaren kontrako erasorik eman ez dadin neurriak hartzea eta jaialdiak finantzatzeko diru zein espazio publikorik ez erabiltzea eskatu dute eragile feministek. "Finean, indarkerian sostengatuko ez den jai eredu bat".