Gasteizko Udalak gaitzetsi egin ditu Altsasuko gazteen kontrako zigorrak, "neurriz kanpokoak" direlakoan. EAJ, EH Bildu, Podemos eta Irabaziren aldeko botoekin, eta PP eta PSEren kontrakoekin aurrera atera da adierazpena.
"Neurrigabekeria present izan da prozesu judizial osoan, gertakizunak delitu terroristatzat jotzean, eta Auzitegi Nazionalaren ikerketa, epaitze eta zigorrean", salatu du Udalak, eta, horiek kontuan hartuta, bide judizial guztiak agortu bitartean zigortuak ez espetxeratzeko eskatu du.
Era berean, "presio politiko eta mediatikoak" zigorretan eragina izan duela adierazi dute, "ustezko delitu terroristatzat jota".
Azkenik, "justizia" eskatu dute kasu honetarako eta Altsasu Gurasoak taldeak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte hiritar guztiak.