Artea eta kalea, bat eginik

Esti Lanao 2018ko eka. 5a, 12:36
Sol Picok eta Dantza Kontserbatorioak ikuskizun esklusiboa prestatu dute astebururako. Irudia: Sol Pico Dantza Konpainia.

Ostiralean abiatuko da Kaldearte Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldiaren XIII. edizioa. Hilaren 10era bitartean, antzerkia, musika eta dantza protagonista izango dira Gasteizko erdialdean zehar.

Urtero bezala, eta aurten hamairugarrenez, kaleko arteekin ezinbesteko hitzordua dago ekainaren 8tik 10era bitartean. Antzerkiz, musikaz, dantzaz, eta, oro har, sorpresez jantziko du Kaldearte jaialdiak Gasteizko erdialdea asteburuan. 

Orotara, mota guztietako formatuetan aurkeztutako 70 ikuskizunez gozatzeko aukera izango da XIII. edizio honetan. Hainbat tokitatik etorritako 38 konpainiek hartuko dute parte; Gasteiztik bederatzi, beste hamar Euskal Herriko hainbat txokotatik, eta hogei inguru atzerritik.

Ikuskizunei dagokienez, horietako sei kalean estreinatuko dira lehen aldiz, eta hiru Kaldearteren laguntzarekin ekoiztutakoak dira. Beste hainbat "erabateko estreinaldiak" eta jaialdi ospetsuenetako azken edizioetan saritutakoak dira. Era berean, espazio berriak gehitu dituzte egitarauan; tartean, Arkupeak eta Juan Aiala plaza.

Berezko nortasuna

Kaldearte hasi zenetik, urtero haren jatorrizko esentzia mantendu dute. Erakustaldiak aurrera egin ahala, ezinbesteko bereizgarri bihurtu dituzte, besteak beste, Europa osoan arrakasta lortzen duten kanpoko ekoizpenen eta Gasteizko eta Euskal Herriko ekoizpenen arteko oreka eta euskararen eta emakumeen presentzia. 

Hala, ostiralean bertan emango dio hasiera erakustaldiari Irantzu Lekue artista gasteiztarrak, Txoriak performance-aren bitartez, 10:00etan Arkupeetan.

Hurrengo egunetan, besteak beste, Juanjo Monago, Amaia Elizaran eta Haatik Dantza Konpainia arituko dira Gasteizko hainbat tokitan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide