EITBk egindako inkestaren arabera, Gasteizen PPk irabaziko lituzke udal hauteskundeak, 7 zinegotzirekin, baina bi galduta, eta EAJrekin berdinduta. Alderdi jeltzaleak egun dituen baino bi zinegotzi gehiago lortuko lituzke (7 denera).
EH Bilduk 2015eko bozetan lortutako 6 zinegotziekin jarraituko luke –bigarren indarra izan zen orduan–; eta PSE-EEk boto asmoan atzera egingo luke, zinegotzi bat galduta (3). Ahal Dugu-k bere 2 ordezkariak mantenduko lituzke, eta Irabazik –Ezker Anitzarekin loturikoa taldea–, zinegotzi 1 –datorren urtean batera joango dira bi taldeak, Elkarrekin Podemos izenarekin–. Ciudadanos alderdiak ordezkaritza izan dezake Gasteizko Udalean, eta, lortuko ez balu, PPk zortzigarren zinegotzia lortuko luke.
Inkestak maiatzaren 14a eta 21a bitartean egin ziren telefono bidez; batez beste, 7,2 minutu iraun zuten, motzenak 5 minutu eta luzeenak 25 minutu.