Hilaren amaieran greba egingo dute Gasteizko garbiketa langileek. FCC+GMSM-ko langileen %56k erabaki dutenez, greba izango da ekainaren 20tik 26ra. Azken Rock jaialdia edota Judimendiko jaiak izango dira egun horietan. Beste langile talde batek, %41k, irailera itxoitearen alde egin du; orduan amaigabeko greba bat egitea iragarri dute. Ekainean egitearen aldekoek ere bat egin dute irailean egingo denarekin.
Enpresak agindutakoa betetzen ez duela salatu dute langileek; baja edota hitzarmen kolektiboan adostutakoa ez duela betetzen esan dute. "Langile moduan dagozkigun eskubideak urratzen jarraitu dute, egungo lan hitzarmena eta akordioak bete gabe; hain zuzen, adostutakoengatik geratu zen bertan behera greba".