Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, "Eraztun Berdea, 25 urte" sariak banatu ditu gaur, 2025 ikuspegia – Hiria naturarekin lotzen jardunaldiak irekitzeko ekitaldiaren barruan. Europa jauregian egindako ekitaldian banatu dituzte: Paquita Sambartolome auzo liderra, John Celecia biodibertsitate espezialista, Club Goiena eta Peña Karria kirol taldeak, SEA Arabako Enpresaburuak elkartea eta Paco Gongora kazetaria. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak eta Ingurumeneko sailburu Iñaki Arriolak banatu dizkiete diplomak gizarte gasteiztarreko sektore ezberdinen bost ordezkari horiei.
Paquita Sambartolomeri zendu ostean emandako aitorpena haren alabak jaso du. IGIko zuzendari Luis Andres Oriberen hitzetan, "Urarteko baratzeak Eraztun Berdea proiektuan auzokoen inplikazioa bultzatzeagatik" eman diote saria. John Celeciari, berriz,"Unescoren barruan Eraztun Berdeak eta Gasteizek nazioarteko aitorpena lortzeko emandako laguntza eta bultzada" eskertu dizkiote, "han jardun baitu bere ibilbide profesionalean". SEA Arabako Enpresaburuak elkartearen saria Andoni Lorenzok jaso du, ingurumen alorreko ordezkari gisa, "enpresek Salburuan uholdeen prebentziorako proiektuan izandako inplikazioagatik eta emandako bultzadagatik". Club Goiena eta Peña Karria kirol elkarteei "ingurumena errespetatzen duten kirol ekitaldi herrikoiak antolatuz Eraztun Berdea erabiltzea eta gozatzea bereziki sustatzeagatik" eman zaie aitorpena. Paco Gongora kazetariari, azkenik, eskerrak eman nahi izan zaizkio El Correo egunkariaren orrietatik "Eraztun Berdearen balioak zabaltzen eta aldezten izandako inplikazioarengatik eta egindako lan handiarengatik".
Hiri paisaiari buruzko jardunaldiak
Sariak banatzeko ez ezik, Hiri Paisaiari buruzko 6. Foroaren barruko Paisaia Jardunaldiak inauguratzeko balio izan du ekitaldiak; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatuko jardunaldiak Eraztun Berdearen 25. urteurrena arlo teknikoan ospatzeko ekintza nagusietako bat dira. Ostiralera arte egingo dira, Europa jauregian.
Munduko aditu nagusiak izango dira jardunaldietan. Hasiera ekitaldian, Iñaki Prusillak nabarmendu du: "Aditu kopuru handia elkartu dugu, haien ikuspegien eta beste leku batzuetan garatutako adibideen bidez gure lurraldearen etorkizunaz hausnartzera gonbidatuko gaituztenak, Eraztun Berdetik eta Eraztunaz harago. Hiru egun hauetan, askotariko parte-hartzaileek —hiriak, unibertsitateak, ordezkari politikoak, teknikariak eta profesionalak— hainbat alorretako esperientziak eta lanak aurkeztuko dizkigute:eraztun berdeak, sistema berde integratuak, nekazaritza espazio funtzionalak, karbonoan neutro diren hiri eta eskualdeak, eta etorkizuneko bioeskualdeak".