Poesiaren aurpegi anitzak

Esti Lanao 2018ko mai. 30a, 11:33
Artiumeko Iparra aretoan ikusi daitekeen lana. Irudia: Artium

Joan Brossa poeta katalanaren lanei gainbegirada eman dio Artiumek, erakusketa monografiko baten bidez. Diktadura frankistan landutako zenbait obra eta dokumentazio-sorta bat gerturatu ditu Gasteizko museoak.

Dagoeneko ikusgai dago Brossa poesia erakusketa, Artiumeko Iparra aretoan. Pasa den asteartean inauguratu zuten, eta irailaren 23ra arte egongo da ikusteko aukera.

Erakusketa honek Joan Brossa poeta katalanaren lan osoaren berrikusketa eskaintzen du. Hiru ezaugarritatik abiatuta (ahozkotasuna, performancea eta antipoesia), diktadura frankistan zehar garatutako 600 obra baino gehiago eta MACBA Bartzelonako arte garaikideko museoaren Joan Brossa Funtsetik datorren dokumentazio-sorta bat gerturatuko ditu Artium museoak

Brossak 40. hamarkadan zehar garatu zuen bere praktika artistikoa, diktadura frankistak markaturiko testuinguru soziopolitiko batean, eta proposamen abangoardisten eta berritzaileen falta nabarmentzen zen egoera kultural batean. Hasieratik estetika berritzen jardun zuen, ikerketa literarioan eta artistikoan oinarriturik.

Poeta izan bazen ere, bere lanak hizkuntza batzuen eta besteen arteko gurutzaketan egon dira beti. Izan ere, beste artista batzuekin batera lan egin zuen sarritan; tartean, musikari, zinemagile edo dantzariekin. Brossak konbentzioen eta diziplinen arteko mugak urratzearekin jolastu du beti.

Hori dela eta, erakusketa honek, besteak beste, egilearen sorkuntza-prozesua azpimarratu du.

Bost esparrutako erakusketa

Brossaren lanari gainbegiratua egiteko, erakusketa bost esparrutan egituratu dute. Hala, aurrenekoan, artistaren lehen idatziak jaso dituzte. Bigarrenean, Suites eta Poemas habitables obren aukera zabal bat dago ikusgai, non Brossak joku edo solasaldiak bezalako elementuak tartekatzen dituen.

Hirugarren esparruari dagokionez, Brossaren poetika dago aztergai, konbentzionalki artistikotzat jo izan ez diren hizkuntzen bitartez; hala nola, estriptisa edo magia. Azken-aurreko atala laburbilketa bisual bat da, eta, bertan, aurreko erakusketetan inspiraturiko obrak ikusteko aukera dago. Azkenik, bosgarren esparruak egilearen erreferentzia artistikoak zabaldu ditu.

Brossaren poesiak ekintzak, irudiak eta objektuak batzen ditu; hori dela eta, erakusketa honen erronketako bat da ahozkotasuna eta eszenikoa lotzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide