Gasteizko txikienek aukeratuko dute aurten Neska Txikiren izena, Haur eta Nerabeen Elkargunearen partaidetza-prozesu baten bidez. Hiru izenen artean bozkatu ahal izango dute: Zuriñe, Edurne eta Blanca. Elkargunearen barne dauden Hogar San Jose, Zabalgana eta Santa Maria ikastetxeetako DBHko umeak ari dira izena aukeratzen, eta ekainaren 6an Elkargunera eramango dituzte botoak. Gainontzeko umeek ere parte hartu ahal izango dute bozketan.
Horrez gain, Zeledon eta Neska Txikiren jaitsiera tokiz aldatuko da; Plaza Berriaren ordez, Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatuko dute bi pertsonaiek. Izan ere, leku hau zabalagoa, seguruagoa eta erosoagoa da. Jaitsieraren ondoren, San Migeleko balkoian agertuko dira, Zeledonek abuztuaren 4an egiten duen bezala.
Bestalde, ostegunean jakinaraziko dute 2018ko Andre Maria Zuriaren jaiak iragarriko dituen kartela.