Supercor Expres (El Corte Ingles) denda irekiko dute bihar Gasteizen. Elikagaiak eta bestelako produktuak salduko dituzte bertan, hala nola opariak edota aldizkariak. Aurretik Zulaica kirol-denda zegoen tokian zabalduko dute, baina polemika bizia eragin du horrek. Arrazoia: denda berriak aurreikusita dituen ordutegiak. Goizeko lehen orduetatik (goizeko zazpietan edo zortzietan) gaueko ordu txikiak arte irekitzeko asmoa dute, urteko 365 egunetan.
Hainbat sindikatuk deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar goizean, saltoki berriaren aurrean, ordutegi horren kontra protesta egiteko. Bestetik, LAB sindikatuak EH Bildu taldearen bitartez aurkeztutako mozio bat onartu du Gasteizko Udalak. EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi taldeek mozioaren alde egin dute, eta proposamenak aurrera egin du EAJ, PP eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Bertan zehazten da jaiegunetan eta igandetan irekitzeak "merkatalgune handiei baino" ez diela onik egiten. Bertan salatu dute ere halako saltoki handietan lan baldintzak Estatu mailako lan hitzarmenen arabera arautu ohi direla, eta hitzarmen horietan lan baldintzak kaxkarragoak izaten direla, saltoki txikietan izan ohi direnekin alderatuz.
Afera arautzeko ahalmena Espainiako gobernuaren esku dagoenez, Espainiako Kongresuari legea aldatzeko eskatu diote, eta Udalari saltoki txikien aldeko hainbat neurri hartzea galdegin diote mozioan.