Bestelako zinema bat ikusteko aukera, astelehenetik aurrera

Erredakzioa 2018ko maiatzaren 24a

'La idea de un lago' pelikularen fotograma.

Hitzaldiak eta tailerrak ere eskainiko ditu Zinema Gaur ziklo berriak.

Ohiko zinemaz bestelako altxorrak deskubritzeko aukera izango dute, berriz ere, Zinema Gaur zikloa bisitatzen dutenek. Astelehenetik aurrera, pelikulen emanaldiekin batera, hitzaldi, saio eta tailerrak eskainiko dituzte Gasteizko Montehermoso kulturunean.

Argentinatik helduko den pelikula batekin abiatuko dute zikloa, datorren astelehenean, hilaren 28an. Milagros Mumenthaler-ek zuzendutako La idea de un lago eskainiko dute, 19:30ean. Eta Argentinako beste batek itxiko du, Manuel Abramovichen Soldado pelikulak, uztailaren 9an. 

Pelikulen artean, gainera, Euskal Zinema Berria izeneko jardunaldia aurkeztuko dute ekainaren 12an, 19:30ean; Koldo Almandoz, Aitor Gametxo eta Arantxa Santestebanen hiru lan eskainiko dituzte, eta zuzendariekin solasaldia izango da ostean.

Lantegiak

Emanaldiekin batera, bi lantegi izango dira. Itziar Garaluzeren eskutik, argazkia eta animazioaren inguruko tailerra izango da ekainaren 16 eta 17an, eta, Drac Magicen eskutik, zinema edizio kolektiboa ikasiko dute haur eta helduek. 

Argibide guztiak montehermoso.net webgunean aurki daitezke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago