Abiadura Handiko Trena Gasteizen lurpetik sartzeko egin behar diren lanei probetxu atera eta ibilgailuen trafikorako lurpeko errepide bat egitea proposatu dio Gasteizek Sustapen ministerioari. Joan den ostiralean egin zuen iragarpena Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, egun horretan hedabideen aurrean izan ohi den prentsa agerraldian.
Proposamen horren arabera, AHTa Gasteizen sartzeko egin behar den 4 kilometro inguruko tunela zulatzeko orduan ibilgailuetarako beren-beregi prestatutako beste tunel bat eraikiko litzateke. Bide horretatik, Gasteizko erdialdeko trafikoa arindu nahi du Udalak, lurpean eraikitako errai horrek saihesbide baten gisa funtzionatuko lukeelako. Bereziki, Manuel Iradier eta Florida kaleetatik doan trafikoa saihesbide horretara bideratu nahi dute, hiriko mendebaldea eta ekialdea erdialdetik igaro gabe lotu ahal izateko.
Espainiako Sustapen ministerioak proposamena aztertu du, erakunde horri baitagokio lan horiek egitea. Alderdi Popularreko eledun Leticia Comeronen arabera, ministerioko teknikariek aukera hori aintzat hartu dute, lanei ekin aurretik egin behar duten txosten informatiboan.
Informazio falta
Alderdi Popularrak dio ideia beraiena dela, eta Leticia Comeronek proposamen berdina egina ziola aurretik Sustapen ministroari, baina gaineratu du kontua ez zutela publiko egin. Gainerako oposizioak harridurarekin hartu du Urtaranek egindako proposamena, batez ere itxurei dagokionean. Irabazi eta EH Bildu alderdiek gogor kritikatu dute alkateak gaiaren inguruan izan duen jokaera. Irabazik salatu du proposamen hori Mugikortasun Elkargunearen iritzia kontuan hartu gabe egin dutela: alkateari egotzi diote iluntasunean eta inprobisazioan jardutea, kazeta titularren bitartez.
EH Bilduk ere informazio falta salatu du, eta Urtaranen eta Comeronen arteko lehia batean kokatu du afera. Alderdiak dio oinezkoak eta bizikletak lehenetsi behar direla, eta Zabalgana eta Salburua bezalako auzoak kontuan hartu behar dituztela mugikortasunarekin loturiko proiektuek.