Errekaleorrek jasotako kolpea, "iraultzarako pizgarri" izan da

Erredakzioa 2018ko mai. 18a, 13:25

Argi moztu zietenetik eredu energetiko berria martxan jarri dute. / Errekaleor

Duela urtebete argindarra moztu zieten arren, eredu energetiko jasangarria lortu dutela aldarrikatu dute auzoko bizilagunek.

Urtebete igaro da Iberdrola eta Ertzaintza argindarra mozteko Errekaleor auzoan sartu zirenetik, eta gaur urteurrena baliatu dute auzoko bizilagunek urtebete honetan gertatukoari buruzko balorazioa egiteko.  

"Iluntasunetik argitasunera" salto egin dutela nabarmendu dute. "Urtebete beranduago hauxe baiezta dezakegu: Errekaleor eguzki izpiez hornituta dago, energetikoki burujabea da, alegia". Horrez gain, eraikinak egoera hobean daudela diote, "paretak inoiz baino koloretsuago". Laster izango den bosgarren urteurrenari begira esku artean egitasmo ugari dituztela aurreratu dute.

Orduko une latzak gogoan izan dituzte. "Gorka Urtaranek auzoa eraitsi nahi zuela adierazi zuen, edozein argi izpi ezkutatu nahian". Hasieratik argi izan dute, ordea, agintariek erabilitako argudio teknikoak bestelako izaera zuela. "Gure segurtasunaren aitzakiaren pean kolpatu ziguten arren, jakin bagenekien helburua politikoa zela. Izan ere, autogestioa ardatz izanik, hasieratik egin dugu lan auzoa eraberritu eta bertan bizi garenontzat toki segurua izaten jarraitu dezan".

Duela urtebete jasotako kolpe hori "iraultza txikia indartzeko pizgarria besterik ez zen izan", bizilagunen esanetan. Segurtasunari dagokionez, proiektuaren memoria teknikoa daukatela iragarri dute, eta interneten dago nahi duen pertsona ororen esku. "Gure segurtasunagatik horrenbeste kezkatzen diren horiek lasai egon daitezela", esan dute, ironia baliatuz.

Erregai fosilak eguzki energiaz ordezkatzeaz gain, duela urtebeteko erasoa kontsumo eta bizimodu berriak sustatzeko baliatu dutela esan dute. "Elektrizitatearen erabilpenean %90eko jaitsiera lortuz, bere burua erreferentetzat duen green capital honetan bestelako eredu bat benetan posiblea dela erakutsi dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago