Gasteizko hainbat ikastetxetan DBHko laugarren mailan egin behar zuten errebalida egiteari uko egin diote gaur. LOMCE legeak ezartzen duen azterketa horren aurkako elkarretaratzeak egin dituzte Lakua, Unamuno eta Ekialde ikastetxeen aurrean.
Jaurlaritzak "LOMCE aplikatzen" jarraitzen duela salatu dute hezkuntza komunitateko eragileek. "Urtez urte, pixkanaka pixkanaka aplikatu dute, isilpean", diote Lakua BHI Martxan taldeak zabaldutako ohar batean.
Ebaluazio sistema propioaren aldeko eskaria egin dute. "Kalifikazio eta ikasleriaren etiketatzeak baztertuko dituen ebaluazio hezitzailea" aldarrikatuz. "Guzti-guztiak kanpo azterketak dira. Ikastetxearen ibilbide eta planen arabera kanpotik ezartzen direnak, ikastetxeen ezaugarriak eta ikasleen errealitateak kontuan hartu gabe". Horrez gain, "ikasturteko dinamika hausten duten azterketak" direla salatu dute.
"Ebaluazio inposatuari ezetz borobila emateaz gain, LOMCE/HEZIBERRI ez aplikatzeko eta gure hezkuntza eredu duin baten alde urratsak emateko konpromisoa" berretsi dute agirian.