Transbollomarika sareak jasotako salaketen bitartez izan da eraso horien berri, bai erasotuek zein eraso baten lekuko izan diren lagunek egindakoak. Gaur aurkeztu dute eraso horien inguruko informazioa biltzen duen txostena, Gasteizko Udaletxean.
Arlo anitzetan izan dira erasoak: hezkuntzan, aisialdian, familian edota lanean. Besteak beste, Hazte Oir elkarteko autobusa, Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasle batek egindako isekak, hamar pertsonak lagun baten kontra egindako eraso homofoboa edota lanean izandako jazarpena aipatzen ditu txostenak. Erlijioaren arloan ere izan dira erasoak: Gasteizko gotzainak eliztar bati gay izategatik parrokian ez aritzeko ezarritako debekua eta gazte musulman batek bereziki zenbait erlijiokideren partez izandako jazarpena aipatzen dira.
Txostenean salatu dutenez, "diskriminazioak sufritzen ditugu, eskubideak berdintasunean eta justizian gauzatzea eragozten dutenak: LGTBI izateagatik bakarrik ez, bai eta xenofobian eta arrazakerian oinarrituta izaten direnak ere".
Halako datuak Gasteizen argitaratzen diren aurreneko aldia da hau. Datuak ikusita, genero identitatearen eta sexu orientazioaren kontrako delituei buruzko behategi bat sortzeko beharra ikusten dute Lumagorri elkarteko kideek. Horrelako eraso asko epaitegietara edo instituzioetara iristen ez direla salatu dute. Adierazgarria da ofizialki jasotako salaketak: bi jaso ditu Udaltzaingoak. Gogoratu dutenez, 633 30 96 53 telefonora hots egin daiteke eraso hauek salatzeko.