Alava Sautu eta frankismoaren kontrako sarea, gogoan

Erredakzioa 2018ko mai. 7a, 12:48

Bereziki sareko emakumeak izan dituzte gogoan. / @CristinaGnlz

Instituzioek eta senideek Alava sarearen lana omendu dute asteburuan.

Luis Alava Sautu buruzagi abertzalean fusilamenduaren 75. urteurrena baliatu dute frankismoaren kontra aritu eta Bigarren Mundu Gerran aliatuen alde inteligentzia lanak egin zituen Alava Sareko kideak omentzeko.

Larunbatean egin dute omenaldia hainbat erakundetako ordezkariek eta frankismoaren biktimen senideek, Gasteizko Senda ibilbidean. Bereziki sare horretako kide izan ziren emakumezkoak izan dituzte gogoan bertaratu diren ordezkari politikoek. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Ramiro Gonzalez diputatu nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea izan dira bertan. Omenezko plaka bat inauguratu dute ekitaldian.

50 bat lagunek parte hartu zuten Hego Euskal Herri osoan aritu izan zen sare antifrankistan, baina alemaniarrek Paris konkistatu zutenean erori zen erakundea. Izan ere, Bigarren Mundu Gerran Frantziako hiriburua nazien esku geratu zenean, Alemaniako eta Espainiako poliziek abagunea baliatu zuten Jaurlaritzak Parisen zuen egoitzan sartzeko eta bertan jasota zeuden erresistentziaren inguruko datuak eskuratzeko.

Ekitaldiarekin batera, Alava sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza izeneko erakusketa zabaldu dute Dendarabako Araba Aretoan, dokumental batez lagunduta. Ikus-entzunezkoan jasotzen da sare horretako kide izan ziren zenbait emakumeren lanaren berri: Bittori Etxeberria, Itziar Mugika, Delia Lauroba eta Tere Verdes.

Argazkia:@oskar_fm

Plaka erasotua

Omenaldia ez da izan oroimenaren arloan azken egunetan Gasteizen izandako albiste bakarra. Batetik, Udalak iragarri du hiriko 62 ataritan dauden ikur frankistak kentzeari ekingo diola. Bestetik, Irabazi alderdiko Oscar Fernandez Martinek gaurko Udal batzordean salatu du Santa Isabel hilerrian frankismoaren biktimen omenezko plaka batek erasoa jasan duela. "Erregimen frankistak hilerriko hormetan fusilatutako lagunen izenak ezabatzen" saiatu direla salatu du zinegotziak. Erasoaren "izaera faxista" gogor kritikatu du zinegotziak.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago