Apartamentu turistiko gisa Jaurlaritzan izena emanda duten pisuen jabeek haien jarduera ekonomikoa mantendu ahal izango dute, teorian egungo udal araudiak hori baimentzen ez badu ere.
Azken asteotan jarduera horretan erregistratuta dauden Gasteizko 61 pisuen jabeek Jaurlaritzaren abisu bat jaso dute, pisu horiek udal araudiarekin bat ez datozela eta jarduna bertan behera utzi behar dutela ohartaraziz.
Udal bakoitzaren esku dago pisu turistikoak arautzea, baina Gasteizko Udalak oraindik Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko dauka. Horregatik, Udalak Jaurlaritzari eskatu dio gaiaren inguruan ezarri beharreko zigor neurriak atzeratzea, araudi berria martxan jarri arte.
Beraz, legedi berria iritsi bitartean, orain arte Jaurlaritzan izena emanda duten apartamentu turistikoetako jabeek euren jarduerarekin jarraitu ahal izango dutela dirudi, beti ere bi erakundeetako eledunek esandako hitzetatik ondorioztatzen denaren arabera.
Hirigintza zinegotzi Itziar Gonzalok atzo esan zuen Udalak beti babestu duela "prozesuak ez diela erregistratutako etxebizitzei eragin behar, araudi berria onesten ez den bitartean". Bestetik, Eusko Jaurlaritzako turismo kontseilari Alfredo Retortillok gaur esan du bere saila "irtenbide juridiko" bat lantzen ari dela, izena emanda duten Gasteizko 61 pisuek isunik jaso ez dezaten.