alea.eus

Plaza erdira atera dira haurrak

Anakoz Amenabar 2018-05-04 10:09   Gizartea  Gasteiz

Alde Zaharreko guraso talde baten ekimenez, auzoko hainbat gune eraldatzeko proiektua garatzen ari dira hainbat eragile. Txoko horietatik harago doa egitasmoa, ordea, auzo osoan "haurren ikuspegia" txertatu eta  herritar guztientzat egokiak diren espazioak berrantolatu eta berriak sortzea duelako helburu.  

Plaza erdira atera dira haurrak
Behaketa saioak eta haurrekin egindako tailerrak izan dituzte, azken asteetan, Alde Zaharrean. /Haurren Auzoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Etxetik irten eta auzoan lasai ibiltzea. Helduentzat ariketa sinplea dena, ez da horren erraza haurrentzat, eta arazo bat izan daiteke maiz. Espekulazioak eta turismoari begirako politikek zaildu egin dute Gasteizko Alde Zaharreko auzotarren bizimodua, eta elkar topatzeko espazio faltak eta ostalaritza kontsumoari loturiko aisiak ere eragin zuzena izan dute haurren egunerokoan. Egoerari buelta eman eta, azken batean, muino bizigarriago bat egiteko helburuarekin, haur eta helduak elkarlanean jarri ditu Haurren Auzoa proiektuak. 

Haurrak protagonista izatea. Haiek hitza hartu, proposamenak egin eta beraiekin lan eginez auzoa birpentsatzea du helburu egitasmoak. Francesco Tonucci psikopedagogoak Fano hirian (Italia), 90. hamarkada hasieran, abian jarritako proiektu politikoaren zenbait ideiari heldu zion guraso talde batek joan den udaberrian, auzoa haurren ikuspegitik antolatzeko arduraz, eta ibilbide horren aurreproiektua aurkeztear dira jada; proiektu horren arabera, umeentzat egokia den auzoa antolatuta, herritar guztientzat egokia dena eraikitzen baita.

Alde Zaharrean umeekin bizitzea ez dela erraza gogoratu du Idoia Blanco auzokideak, eta familia askok alde egitea erabaki dutela: "Parkean elkartzen ginen gurasoen artean kezka zegoen, eta egoerari zein irtenbide bilatu pentsatu genuen; Euskal Herri mailan beste proiektu batzuk ere bazirela ezagutu genuen, lanean jarri, eta asteazkenero biltzen hasi ginen". MaÒaria (Bizkaia) eta Lakuntzako (Nafarroa) esperientziak ezagutu zituzten, kudeaketa modu desberdinak, eta poliki-poliki forma hartzen joan zen Alde Zaharreko proiektua. Diagnosi bat egin zuten lehenengo, eta, horren arabera, espazioak eraldatu nahi zituztela ikusi zuten. "Baina, betiere, umeak ahaldunduta, umeak zentroan jarri eta beraiek protagonista izanik", azaldu du talde sustatzaileko Aitor Alustizak. 

Hobetuz programa

Bidean, Gasteizko Udalak abian jarritako Gasteiz Hobetuz programa agertu zen, udal aurrekontuaren zati bat herritarrek proposatuko proiektuei bideratzeko laguntza. Proiektuak izan behar zuen kudeaketa ereduaren inguruko hainbat eztabaida izan ondoren, Udaleko programara aurkeztu eta herritarrek hala erabakita, Haurren Auzoa proiektuak 200.000 euroko aurrekontua eskuratu zuen. "Hor ere kontraesana dago, obrak egiteko diru-laguntza delako, eta guk indargunea prozesuan jarri nahi dugulako; ez dago dirurik prozesurako, eta guk horri ematen diogu garrantzia", aipatu du Alustizak. Proiektua osorik aurkeztu bazen ere, bigarren atalerako bideratu du dirua Udalak. Izan ere, aurreproiektua aurkeztu aurretik parte-hartze dinamika zabala lantzen ari dira, tailer eta behaketa saioen bitartez.    

Txatxilipurdi hezkuntza alorreko elkartea eta Nondik arkitektura estudioa bidelagun, prestakuntza saioak izan dituzte gurasoek egitasmoa aurrera atera eta aurreproiektua diseinatzeko. Guztira, 200 bat lagunek parte hartu dute aktiboki atal desberdinetan; besteak beste, Ramon Bajo ikastetxean tailerrak izan dituzte, Goian elkarteak nerabeekin landu du proiektua eta jasotakoa erakusketa batean bildu dute auzokide guztiak proiektuaren parte izan daitezen. Gurasoak haiek izan dira dinamizatzaile moduan aritutakoak, parte-hartzearen inguruko formazio saioak jaso ostean. "Horrek esan nahi du jakintza auzoan gelditu eta zabaldu dela, ez dela soilik kanpoko beste batzuei ordaindutako lana izan...", nabarmendu du Alustizak.

 

 

Auzotik, auzorako

Auzoa bere osotasunean hartuko duen egitasmoa bada ere, haurren topaleku nagusietatik, parkeetatik, hasi dute lana, umeek jolasten duten hiria "hiri bizia" delako, Tonuccik esan zuen moduan: "bizia eta segurua". Alde Zaharrean hiru gune berriztatzeko proiektua prestatzen ari dira: Etxanobe parkea, Martin Ttipia plazatxoa eta Rafa plaza. Horretarako, lehenik behaketa saioak antolatu dituzte; haurrek jolas-parkeak nola erabiltzen dituzten behatu dute –martxoaren 12tik apirilaren 23ra– jolas-mota ezberdinetan oinarritutako irizpideak jarraituta. Besteak beste, parke hauetan jolasteko eta irudimenerako aukera gutxi dituztela nabarmendu dute, oztopo arkitektonikoak daudela eta gaizki aprobetxatutako espazio berde txikiak.

Haurrekin espazio horien inguruko hausnarketa egin dute eta proposamenak egin dituzte tailer desberdinen bitartez. Jolasteko gutxi dagoela, zoru irristakorrak, argi gutxi eta landare arantzatsuak dituztela aipatu dute, beste hainbaten artean, eta, proposamen ugari ere egin dituzte: ur-putzuak, labirinto eta ohe elastikoak, egun euritsuetarako babes-lekuak, tirolina bat... Irudimenari eraginez, birziklatutako materialekin sormen-lanak prestatu dituzte euren gogoko parkeekin, eta munduko 200 parke baino gehiagoko jolas-guneen artean ere euren gustukoenak aukeratu dituzte. Hala, haurren begietatik sortutako guneak auzoko eragileek bertatik bertara ezagutu eta ekarpenak egiteko aukera izan dute azken egunetan Landatxo gizarte etxean; San Prudentzio egoitzako aiton-amonak, Emakume asanblada, Gasteiz Txiki elkartea edota Hala Bediko kideek parte hartu dute, auzoko beste eragile batzuen artean. "Inor baztertuta sentituko ez den espazioak nahi ditugu, guztien ekarpenetatik jasotako emaitza", nabarmendu du Blancok.

 

"200 lagunek baino gehiagok parte hartu dute

aktiboki Haurren Auzoa proiektuan"

 

Ekarpen eta hausnarketa guztiekin aurreproiektua prest izango dute ekainerako, eta urtea amaitu aurretik lizitatuko dituzte lanak. Parkeetako lanekin batera, halere, auzoko beste atal batzuk ere izango dituzte eztabaidagai hurrengo hilabeteetan. "Ez ditugu hiru irla sortu nahi, hiru utopia txiki; haurrak autonomiaz batetik bestera mugitzea nahi dugu, lasaitasunez, beldurrik gabe", aipatu du Alustizak. Eta, horregatik, besteak beste, auzoko trafikoari buruzko eztabaida bultzatu nahi dute, haurren joan-etorrietan oztopo handiena izan daitekeena, parkeak kotxez inguratuta baitaude. Trafikoa kentzea konponbidea ez dela onartu arren, trafikoa "lasaitu" daitekeela uste dute. "Parkeen lanarekin batera, paraleloki, eztabaida bat ireki nahi dugu auzokideekin, trafikoarekin zer egin erabakitzeko, egin behar bada; beraiek dira hemen bizi direnak eta nahiak eta oztopoak zeintzuk diren ezagutzen dituztenak", esan du Alustizak.  

Auzoa eraldatu, espazio berriak sortu eta auzokideen arteko harremanetan eragiteko lehen pausoak baino ez direla gogoratu dute Haurren Auzoa egitasmoko sustatzaileek, garaian garaiko beharretara egokituko den proiektua: "Asmoa ez da estatikoa den zerbait egitea, eraldatzen joango dena baizik; oraingo umeak ez dira etorkizuneko umeak izango...  gure asmoa hori da, baina bideragarri nola egiten dugun pentsatu behar dugu". 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa