Kontzertuen inguruko araudiak logikarik ez duela diote artistek

Erredakzioa 2018ko mai. 3a, 13:38
Udalaren araudi berria kritikatu dute artistek. /Alea

Neurria "murriztailetzat" jo dute, eta Udalak arazorik ez zegoenean "arazo bat sortu duela" salatu dute.

Gasteizko tabernetan egin ahal izango diren kontzertuen kopurua murrizteko Udalak prestatu duen legediaren aurka azaldu dira hiriko artistak eta ostalariak. Gaur goizean azaldu dute kolektiboaren jarrera, prentsa agerraldi batean.

Bertan bilduetakoek irmotasunez salatu dute Udalak martxan jarri duen “neurri murriztailea”. Araudi berriaren arabera, tabernek hilean bi kontzertu baino ezin izango dituzte antolatu, bi orduko iraupenarekin. “Neurri honek eragin zuzena du ostalariengan, eta baita gugan ere”, salatu dute artistek.

Musika tresnez lagunduta egin duten agerraldian azaldu dutenez, duela bi hilabete hasi ziren lehen jakinarazpenak jasotzen. Bertan azaltzen ziren Udaleko Ingurumen sailak jarritako betebehar berriak. “Igartzen da legedia idatzi dutenek gure egunerokotasunaz ezer gutxi dakitela”. Araudiak “zalantza asko” sortzen dizkiela diote. Adibide ugari jarri dituzte: “kontzertuak, emanaldiak gehienez bi izan daitezkeela zehazten du araudiak, baina ez du zehazten zer den Udalarentzako emanaldia. Soilik zuzeneko kontzertuak al dira emanaldiak? Eta antzerki musikatu bat, jakinarazi behar al da? Erakusketa batean, DJ batek musika jartzen badu, jakinarazi behar al da? Hasi aurretik egin beharreko musika probak bi ordu horien baitan sartuta daude?”.

Hau guztiagatik Udalak planteatutakoa “zentzugabea” eta “logikarik gabekoa” dela deritzote. “Urteetan ez da arazorik egon eta Udalak arazo bat asmatu du”.

Kontzertuak gaueko hamarretan bukatzeko beharra ulertzen dutela diote. Halere, lehen isunak iritsi direla salatu dute, eta horien bitartez Udalak beldurra zabaldu nahi duela uste dute. Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dutela ere iragarri dute, eta erantzunaren zain daude. Bestetik, oposizioaren babesa jaso dutela azpimarratu dute, eta udal gobernuak “jarrera ona” izan dela aitortu dute. Ekaina baino legen arazoa konpontzeko erronkari heldu diote, eta horretarako kultura eta ingurumen batzordeetan parte hartuko dute, “zubiak eraikitzeko unea” dela uste dutelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide